Mundua -

Mehatxu Jihadista

Europak blindatu egin ditu Urtezaharretako ospakizunak

Hainbat hiriburutan segurtasun neurri bereziak ezarriko dituzte, hala nola Parisen, Bruselan eta Madrilen: Puerta del Sol plazarako sarbidea mugatuta egongo da, lehen aldiz.

Soldadu bat, Parisen. EFE
Soldadu bat, Parisen. EFE
Segurtasun-neurri handiak Europan, urte berriari ongietorria emateko

1:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako hainbat hiriburuk segurtasun neurri bereziak hartu dituzte, Urtezahar-gaueko ospakizun jendetsuetan atentatu jihadistarik egitea galarazteko.

Parisen, agintariek murriztu egin dute Garaipen Arkuan egitekoa den argi ikuskizunaren iraupena, eta bertan behera utzi dituzte Eliseoko Zelaietako su-festak, bertan jende asko pilatzea saihesteko.

Orotara, 11.000 soldadu, polizia eta larrialdietako langile arituko dira ospakizunetan, hots, iaz baino 2.000 gehiago.

Gainera, gau osoan debekatuta izango da su-festak erabiltzea eta alkoholdun edariak kristalezko botiletan garraiatzea.

Madrilen, bi segurtasun-gerriko ezarriko dituzte Puerta del Sol plazaren inguruan, eta, lehen aldiz, zenbatu egingo dituzte barruan sartu nahi direnak. Lau puntutatik baino ezingo da plazan barrena egin. Gehienez, 25.000 lagun bilduko dira bertan.

21:00etan, gainera, plazako geltokiak itxiko dituzte, eta autobusak desbideratuko dituzte.

Bruselan (Belgika), Yvan Mayeur alkateak ere bertan behera utzi ditu su-festak eta hiriko erdigune historikoan egitekoak ziren ekitaldi guztiak.

RTBF telebista kate publikoak jakinarazi duenez, Gabonetako azokak baino ez dituzte mantendu.

Asteartean, urte zahar egunean atentatua egin asmo zuten bi ustezko terrorista atxilotu zituzten bertan. Gaur, gainera, beste sei pertsona atxilotu dituzte, eta material informatikoa, sakelako telefonoak eta armen erreplikak atzeman dituzte.

Belgika osoan hirugarren alerta mailan daude (4 dira guztira), eta poliziak eta militarrak kale nagusietan ari dira, segurtasuna zaintzen.

Moskun, Plaza Gorria itxiko dute gaur. Bertsio ofizialaren arabera, Urtezahar-gaueko telebista programa berezia grabatuko dutelako hartuko dute neurria, baina, adituen ustez, agintariak atentatu jihadisten beldur direlako egingo dute.

Plaza Gorria ixtea aurrekaririk gabeko neurria da Errusiako hiriburuan. "New Yorken Times Square plaza edo Parisen Eiffel dorreko ingurua ixtea bezala da", azaldu du Alexandr Kliukin politologo errusiarrak.

Italian, areagotu egingo dute kaleetan ari diren militarren eta polizien kopurua, segurtasuna bermatzeko, mehatxu zehatzik ez badute ere.

Hain zuzen ere, 3.000 agente eta 6.500 soldadu hedatu dituzte herrialde osoan. Erroman, 2.300 soldadu, 800 polizia eta 750 udaltzain arituko dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Bruselaseko albisteak gaur Paris azken albisteak Mosku bideoak Belgika Errusia albisteak Espainia argazkiak Frantzia berriak Atentatuak bideoak Gizartea albisteak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa hoy Eguneko albisteak