Mundua -
Karikatura polemikoak
7 atxilotu, Mahoma irudikatu zuen margolaria hiltzen saiatzeagatik
Zazpi lagun, lau gizon eta hiru emakume, atxilotu dituzte Irlandan. Lars Vilksek Mahomaren karikatura bat egin zuen 2007an eta bere buruari prezioa jarri zioten.
Erredakzioa
Zazpi lagun atxilotu dituzte Irlandan Lars Vilks margolari suediarraren hilketa prestatzea egotzita. Lau gizon eta hiru emakume islamiar atzeman dituzte hainbat Europako zerbitzu sekretuk, CIAk eta FBIk antolatutako operazioan.
Vilksek Mahoma profetaren karikatura bat irudiaktu zuen ''Nerikes Allehanda'' egunkari suediarrean txakurraren gorputza zuela. Al Kaidarekin harremanak dituen Irakeko terrorista talde batek 100.000 dolar eskaini zituen Vilks hiltzen zuenarentzat.
Iragan urtarrilean, marrazkigileak mehatxuak jaso zituen Somaliatik telefonoz.
Mahomaren karikaturen polemika 2005. urtean hasi zen, Kurt Westegaard marrazkigileak profetaren marrazki batzuk publikatu zituenean ''Jyllands Posten'' egunkari daniarrean. Marrazkigile horrek ere atentatu saiakera bat pairatu zuen, gizon bat aizkora batekin hiltzen saiatu zenean.
Danimarkako Poliziaren arabera, Westegaarden erasotzaileak loturak ditu Al Shabab Somaliako mugimendu islamiarrarekin eta Ekialdeko Afrikako Al Kaidarekin. Orain kartzelan dago eta 27 urte ditu.
Westergaardek Mahoma bizar luzearekin eta buruan bonba bat zuela irudikatu zuen.
Lehenengoko karikaturen argitalpenek bortizkeria bolada bat sortu zuten gehiengo musulmaneko hainbat herrialdetan, 150 lagunen heriotza sortuz.