Mundua -

Heriotza

Tantawi hil da, Egiptoko musulman sunien ahotsa

Al Azharren jeke handia gaur hil da bihotzekoak jota, 82 urte zituela, Riaden (Saudi Arabia). Munduko musulman sunien erakunde garrantzitsuenaren buru zen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mohamed Sayid Tantawi, Al Azhar islamiar sunien erakunde nagusiaren jeke handia, hil da gaur bihotzekoak jota Riaden (Saudi Arabia) egiten ari zen bisita ofizial batean, Egiptoko telebistak jakitera eman duenez.

Jeke musulmanak konortea galdu du Kairora eraman behar zuen hegazkinera sartzeko eskaileretan gora zihoanean, Riadeko Jaled erregearen nazioarteko aireportuan, Egiptoko nazioarteko telebista katearen arabera.

Bihotzekoak jo ostean, bertako 06:00ak inguruan, Emir Sultanaren ospitalera eraman dute eta bertan hil da.

Al Azharren jeke handia atzo iritsi zen Riadera Faisal erregeak, ezagutzaren eta literaturaren alorrean, ematen dituen nazioarteko sari banaketan parte hartzeko.

Gorpua Kairora eramateko prozesuan murgilduta daude orain Egiptoko agintariak eta Tantawiren familia. Baina Mohamed Wasel Al Azharreko buruzagietako batek jakinarazi du Tantawiren semeak esan diola aita Al Baqeiko, musulmanen herri santuetako bateko, hilerrian lurperatuko dutela.

Tantawi 82 urterekin hil da. Al Azharren, Egiptoko islamdar moderatuen ahotsa ordezkatzen duen erakundearen, jeke handia zen 1996tik.

1928ko urriaren 28an jaio zen Egiptoko mendialdeko Tama herrian, eta Korana buruz ikasi zuen oraindik haurra zela.

1986ko urriaren 28an Egiptoko Mufti Haundi izendatu zuten, herrialdeko buruzagi erlijioso handiena; eta hamar urte geroago, 1996ko martxoaren 27an, Mohamed Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak Al Azhar meskitako iman eta unibertsitateko jeke izendatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea