Mundua -
Erasoa Parisen
Parisko polizia etxearen erasotzailea identifikatzeko lanean ari dira
Gizonaren hatz markek gauza bat esaten dute, baina soinean zeraman eskutitzean beste izen bat ematen zuen.
agentziak | erredakzioa
Frantziako agintariak lanean ari dira atzo aizkora batekin Parisko polizia etxe batean erasoa egiten saiatzeagatik tirokatuta hil zuten gizona identifikatzeko, izen batekin dagoelako fitxatuta, baina erasoa aldarrikatzeko soinean zeraman gutunean beste izen bat ematen diolako bere buruari.
Gerrian zuen lehergailua gezurrezkoa zela egiaztatu ostean, gorpua miatu zuten goitik behera, eta eskuz idatzitako gutun bat aurkitu zioten. Bertan, Estatu Islamikoaren zeinu bat eta Abu Bakr al Baghdadi erakundearen buruari leialtasuna adierazteko mezu bat agertzen zen.
Le Monde-ren arabera, testua frantsesez hasten da, eta gizonak bere burua "Tarek B." izeneko tunisiar gisa aurkezten du, eta gero arabieraz jarraitzen du Al Baghdadiri leialtasuna adierazteko eta erasoa Siriako bonbardaketen mendekua dela azaltzeko.
Hala eta guztiz ere, hatz markak aztertu ostean, emaitzak ez zuen bat egiten gutuneko informazioarekin. Hatz markak Sallah Alirenak ziren, Frantzia hegoaldean lapurretan egiteagatik 2013an atxilotua eta herrialdetik alde egiteko agindua zuena. Ali 1995ean Casablancan jaio zen marokoarra zen.
François Molins Parisko fiskalak aitortu du "nor den" jakitea oso garrantzitsua dela, baina azpimarratu du "norbanako isolatua" dela.
Horregatik, "txartel alemaniarra zuen sakelako telefonoa aztertzen" jarraituko dutela jakinarazi du.