Mundua -
Ekialde Hurbila
Palestinarrek bertan behera utzi dute azken bake-prozesu saiakera
Kolono-gune batean 1.600 etxe gehiago eraikitzeko Israelek iragarritako proiektuaren aurka protesta egiteko hartu dute neurria.
Erredakzioa
Palestinarrek bertan behera utzi dute Israelekin berriz hasiko zuen bake-prozesua, Ekialdeko Jerusalemeko kolono-gune batean 1.600 etxe eraikitzeko Tel Avivek iragarritako proiektua dela eta, Saeb Efecta negoziatzaileburu palestinarrak EFEri baieztatu dionez.
"Israelek atzera egin badu baino ez dugu parte hartuko elkarrizketetan", esan du palestinarrak.
Aste honetan, Joe Biden AEBetako presidenteordeak gogor gaitzetsi du Tel Aviven proiektua.
Hain justu, Arabiar Ligak premiazko bilera egin du bart, eta negoziaketei ekiteko kolo-guneetan etxeak eraikitzeari uztea jarri zuen baldintza.
Urtebeteko blokeoaren ostean, bi aldeek bake-prozesua berriz abiatzea adostu zuten. Dena dela, elkarrizketak zeharkakoak izango ziren, hots, aurrez aurre egon beharrean, AEBen bitartez hitz egingo zuten.
Biden Zisjordanian izan zen atzo, eta gaur hitzaldi bat emango du Tel Aviveko Unibertsitatean. Horrenbestez, gai honi buruz zerbait esango duen ikusmina dago.
Gaur bertan, Israelgo Haaretz egunkariak ziurtatu du Jerusalemeko Udalak 50.000 etxe eraiki nahi dituela ekialdeko kolono-gune juduetan.