Mundua -
Erasoa Indonesian
Gutxienez zazpi pertsona hil dituzte atentatu batean, Jakartan
Hildakoen artean lau erasotzaile daude. Hamar lagun, horien artean bost polizia, zauritu dira. Erasoaren egilea Estatu Islamikoa izan da.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez zazpi pertsona, tartean lau erasotzaile, hil dira Jakartako erdialdean lehergailuak erabiliz egindako eraso batean, bertako komunikabideek zabaldutakoaren arabera.
Aurreneko eztanda eguerdian gertatu da Poliziaren postu batean, DetikTv telebistak azaldu duenez. Sare sozialetan zabaldutako argazkiak erakutsi ditu komunikabideak, eta polizia baten gorpua errepidean etzanda erakutsi du horietako batean.
Leherketaren ostean, tiroketa bat hasi da, eta eztanda gehiago izan dira. Kompas egunkariak jakitera eman duenez, zenbait pertsona tirokatu dituzte. Ondorioz, biktimen kopuruak gora egin dezake oraindik.
Poliziak itxi egin ditu Jalan Thamrin auzoko Sarinah salmenta-eremuaren inguruko kaleak. Presidentearen jauregitik eta NBEko bulegoetatik hurbil dago.
Erasoa amaitutzat jo dute
Indonesiako Poliziak amaitutzat jo du erasoa. "Erasotzaile guztiak indargabetu ditugu", adierazi dio Iqbal Kabid Poliziaren bozeramaileak Antara albiste-agentziari.
Salmenta-eremuko eraikin guztiak "garbitu" dituztela esan dute buruzagiek, bertan gutxienez sei erasotzaile babestu eta gero.
Anbulantzia bat leherketa gertatu den salmenta-eremutik gertu, Jakartan (Indonesia). EFE
Ustezko lau erasotzaile hil dituzte, Poliziaren bozeramaileak jakitera eman duenez.
Poliziaren eta erasotzaileen arteko tiroketa zinema-areto batean gertatu da. Terroristek Starbucks bati eraso diotela zehaztu du Kabidek. Hori dela eta, Indonesiako hiriburuan dituen lokal guztiak ixtea erabaki du Starbucks konpainiak.
Joko Widodo Indonesiako presidenteak gaitzetsi egin du erasoa, eta horrekin lotuta dauden pertsona guztiak atxilotzeko agindua eman du.
Estatu Islamikoaren sinadura
Erasoaren egilea Estatu Islamikoa izan da, Amaq albiste-agentziak jakitera eman duenez. Amaq Abu Bakr al Baghdadik zuzentzen duen erakundearen bozgorailua izan ohi da.
Helburua "atzerritarrak eta segurtasun indarrak ziren", SITEk, talde jihadisten ekintzak jarraitzen dituen webguneak, komunikabide hori aipatuz azaldu duenez.
"Estatu Islamikoa erasoaren atzean dago", ziurtatu du Tito Karnavian Jakartako Poliziaren buruzagiak.
Bahrun Naim Indonesiako borrokalaria Sirian dagoela uste dute, baina atentatua "prestatzen denbora asko" eman duela esan du Karnavianek. "Bera dago eraso honen atzean", erantsi du, Reuters albiste-agentziaren arabera.
Atentatuko zauritu larrien artean Herbehereetako herritar bat dago, Atzerri Ministerioak agiri batean baieztatu duenez. Nos Herbehereetako telebistaren esanetan, NBEko langile bat zen.
Budi Gunawan Poliziako zuzendariordeak azaldu duenez, hildakoen arten bi zibil daude, horien artea atzerritar bat. Beste hamar lagun, horien artean bost polizia, zauritu dira.
Alertan
Indonesia alerta-egoeran zegoen atzerritar asko ibiltzen diren tokien eta bertako agintarien aurkako balizko erasoei aurre egiteko.
Indonesia herrialde islamiar jendetsuena da; izan ere, bertan bizi diren 250 milioi herritarren % 88 musulmanak dira. Hala ere, Indonesia muturreko islamiarren jomuga izan da.
Erasorik larriena 2002an gertatu zen, Bali uhartean. Atentatuak 202 hildako utzi zituen, gehienak Australiako turistak.