Mundua -

Europa

EBk Poloniaren aurkako prozesua ireki du, zuzenbide-estatua babesteko

Poloniako gobernu berriak egin dituen azken aldaketen nondik norakoak argi ditzala eskatu dio.

Agnetziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batzordeak (EB), 2014an martxan jarri zenetik lehen aldiz, Europar Batasunean zuzenbide-estatuaren joko-arauak babesteko prozesu komunitarioa jarri du martxan, Poloniari eskatu baitio Gobernu berriak egin dituen azken aldaketen nondik norakoak argitzeko, batez ere Konstituzio Auzitegiari dagozkionak.

"Zehazki eskatu diedana honako hau da: azal dezatela ea Poloniako Estatuko gainerako instantziek zergatik ez dituzten bete Poloniako Auzitegi Konstituzionalaren bi epai", azaldu du prentsaurrekoan EBko lehenengo presidenteorde Frans Timmermans holandarrak. Timmermansek gutun bat igorri du Varsoviara elkarrizketari ekiteko; elkarrizketa horren bukaeran zigorrak egon daitezke herrialde horrentzat.

Bruselak argibideak nahi ditu ere auzitegi goren horren presidentea eta presidenteordea izendatzeko prozesuari buruz, baita haren jarduera murritz dezaketen aldaketen inguruan ere.

Aipatutako gutunak Poloniari azalpenak eskatzen dizkio ere hedabide publikoen lege berriak dakarren gobernuaren kontrolaren areagotzeari buruz. Lege hori Beata Szydlo lehen ministroaren Gobernuak aprobatu du. Ultrakontserbadorea eta nazionalista den Legea eta Justizia alderdikoa da bera, Jaroslaw Kaczynski agintari ohiarena, hain zuzen ere, eta Joan zen urriaren 25ean hauteskundeak irabazi zituen.

"Abian jarri dugun prozesuaren xedea da gertaerak era objektiboan argitzea, egoera modu sakonagoan aztertzea eta Poloniako agintariekin elkarrizketa bat zabaltzea, hurren urratsak zein izango diren aurreikusi gabe", azaldu zuen Timmermansek atzo.

Hartutako erabakiak babes handia izan du europar komisarioen elkargoaren barruan. Elkargo horrek martxoan aztertuko du berriz Poloniako zuzenbide-estatuaren egoera, eta orduantxe erabakiko du Varsoviari gomendioak ematen dizkion edota prozesua amaitutzat jotzen duen.

Europar Batasunak eta Poloniako gobernuak orain arte dagoeneko elkar trukatu dituzte zenbait gutun. Zbigniew Ziobro Justizia ministroak Timmermansen hasierako idazkiari beste gutun baten bidez erantzun zion, eta bertan harrituta azaltzen zen jasotako eskutitzaz. Eskutitz horretan ziurtatzen zuenez, "demokratikoki hautatutako legebiltzar baten gainean presioa egiteko ahalegina da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Batasun europarra Europa Gaurko azken ordukoa