Mundua -
Hauteskundeak
Tsai Ing-wen, Taiwango emakumezko lehen presidentea
Tsaik uhartearen politika era sakonean aldatuko duela agindu du, jenderen parte-hartzea areagotzeko, gizarte ongizatea areagotuko duela eta uhartearen izaera defendatuko duela Txinaren aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
Alderdi Demokrata Progresistaren (PDP) Tsai Ing-wen hautagaia (abokatua eta London School of Economics ikastetxean lizentziaduna) Taiwaneko presidente bihurtuko da, gaur egin diren hauteskundeetan behar adina boto eskuratu ostean.
Bere aldetik, Chu Lilun hautagai ofizialistak bere porrota jakinarazi du eta kargua utzi du Kuomintang alderdiko (Alderdi Nazionalista Txinatarra, KMT) buru gisa.
Aurreikuspenak betetzen badira, PDP alderdiak Legebiltzarraren kontrola izango du; era horretan, lehendabiziko aldia izango da botere betearazlea eta legegilea kontrolpean izango dituena. Legebiltzarreko emaitzak bereziki mingarriak izango dira KMTrentzat, beti kontrolatu baitu ganbera hori.
Hauteskunde legegileetako emaitzak atzeratuago daude; dena den, lehendabiziko datuek baieztatu egiten dute KMTk lehen aldiz galduko duela gehiengoa legebiltzarrean PDPren alde.
Tsaik uhartearen politika era sakonean aldatuko duela agindu du, jenderen parte-hartzea areagotzeko, gizarte ongizatea areagotuko duela eta uhartearen izaera defendatuko duela Txinaren aurrean.
Hauteskunde hauetako emaitzek uharteko etorkizun ekonomikoan ere eragina izango dute, baita Ameriketako Estatu Batuekiko eta haren lagunekiko loturetan.