Mundua -
Garaipen ofizialista
Kolonbiarrek Uriberen alde egin dute parlamenturako hauteskundeetan
Presidentearen U Alderdiak parlamentuko gehiengoari eutsi dio hirugarren aldiz. FARCen kide bat hil da bonba-auto bat prestatzen ari zenean.
Erredakzioa
Kolonbiarrek Alvaro Uribe presidentearen U Alderdiaren aldeko apustua egin dute legegintzarako hauteskundeetan eta Kongresuan gehiengoa izaten jarraituko dute hirugarren aldiz jarraian.
Hauteskunde mahaien %75,56etako botoak zenbatuta, Batasun Nazionalaren Alderdi Sozialak (Uren Alderdia) botoen % 20,7 eskuratu du, Alderdi Kontserbadorearen aurretik (% 18,5).
Azken zortzi urteetan Uribek burutu duen politikari bultzada emango dio garaipen ofizialistak. Haren oinordekoak, Juan Manuel Santos Defentsa ministro ohi eta maiatzaren 30eko presidentzialetarako hautagaiak, Estatuburu izateko bidea ireki du horrela.
"Emaitzak ikaragarri onak dira, gure alderdiaren aldeko botoak % 70 hazi dira, emaitza horiek indartu egiten gaituzte herrialdeko alderdi nagusi moduan", adierazi du Santosek Bogotan emandako prentsaurreko batean, garaipenaren berri izan eta gero.
Bigarren itzulia beharko dute
Hala ere, emaitza horiek agerian utzi dute maiatzaren 30eko hauteskunde presidentzialetan ez dela erabakiko hauteskundeetako irabazlea eta ekainaren 20ean bigarren itzulia egin beharko dutela.
Alderdi Kontserbadoreak, Uriberen aliatuak, bigarren postua eskuratu du alde estuarekin, eta bi alderdien artean hitzarmena egon daitekeela dirudi.
Hirugarren geratu da Alderdi Liberala, botoen % 13,8rekin, eta sorpresa Kongresuko laugarren alderdia izango denarekin iritsi da: Herri Integrazioaren Alderdiarekin (PIN).
Alderdi polemiko hori 2009an sortu zen, hauteskunde agintaritzak "parapolitika"rekin zerikusia zuten zenbait alderdiri partehartzea debekatu ostean. 2006an paramilitarrekin zerikusia zuten legebiltzarkideak ikertu, kartzelatu eta zigortu zituzten; bada, PIN alderdi hori auziperatuen senideez eta lagunez dago osatuta, gehienak Uriberen aldekoak, eta lau eserleku izan ditzakete.
FARCen kide bat hil da
Lasaitasuna izan da nagusi atzoko hauteskundeetan. Baina salaketak ugariak izan dira botoak erosteko saiakerak medio.
Bestalde, FARCen kide bat hil egin da bonba-auto bat prestatzen ari zela eztanda egin duenean.