Mundua -

Erresuma Batuaren ikerketa

Errusiak 'umore britainiarrari' egotzi dio Litvinenko auziko ikerketa

Erresuma Batuko epaile baten erabera, "segur aski" Vladimir Putin Errusiako presidenteak espioi ohia hiltzea agindu zuen.

Alexander Litvinenko espioi errusiar ohia
Alexander Litvinenko espioi errusiar ohia
Alexander Litvinenko espioi errusiar ohia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kremlinek "umore britainiarrari" egotzi dio Erresuma Batuko epaile batek Alexander Litvinenko espioi errusiar ohiaren heriotzari buruz egindako ikerketa. Izan ere, "segur aski" Vladimir Putin Errusiako presidenteak hura hiltzea agindu zuela ondorioztatu du.

"Oro har, umore britainiar finari egotzi ahal zaio hau [ikerketa]", adierazi du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, eta txosten horrek bi herrialdeen arteko harremanak "pozoitu" egingo dituela ohartarazi du.

Peskoven esanetan, ikerketa britainiarrak "txantxa" dirudi, askotan "segur aski eta horren antzeko formulak" erabili dituelako epaileak.

"Terminologia hori ez da onartzen gure herrialdeko justizian, eta beste hainbatekoenetan ere, eta, noski, hori ezin da epaitzat jo", gaineratu du.

Bestalde, Errusiako inteligentzia zerbitzuek Litvinenkoren heriotzarekin zerikusirik ez dutela berretsi du.

Ikerketa

Litvinenko 43 urte zituela hil zen Londresen, 2006ko azaroan. Errusiako Gobernuarekin kritikoa zen. Londreseko hotel batean ustez te kutsatua edan eta hiru aste geroago hil zen.

Putinek bera hiltzea agindu zuela salatu zuen espioi ohiak ohean. Kremlinek beti ukatu du. Litvinenkoren familia eta abokatuen hitzetan, Errusiako agintarien inplikazioa "eraso nuklearra" azaltzeko modu bakarra da.

Marina Litvinenko, hildako espioiaren alarguna, "oso pozik" agertu da Erresuma Batuko Justiziaren erabakiarekin.

Hala, Errusiako presidenteak "segur aski" Litvinenko hiltzeko agindua eman zuela ondorioztatu du gaur Robert Owen epaileak. Litvinenko Polonio 210 substantzia erradiaktiboarekin pozoitu zuten.

300 orrialdeko agiri batean azaldu duenez, Andrei Lugovoi eta Dmitri Kovtun Errusiako espioi ohiak Litvinenkorekin bildu ziren te kikara edan zuenean. Bi zelatariek FSB Errusiako inteligentzia zerbitzuen aginduak obeditu zituztela azaldu du magistratuak.

Andrei Lugovoi eta Dmitri Kovtun Errusiako espioi ohiak. Argazkia: EFE

2000ko azaroan Londresera heldu zenean asilo politikoa eskatu zuen Litvinenkok. Erresuma Batuko herritartasuna lortu eta MI6 zerbitzu sekretuetan lan egin zuen.

Errusiako espioi ohia Lugovoi eta Kovtunekin Milennium hotelean bildu zen, Mayfair auzoan, te pozoitua hartu zuen egunean.

Owenek lekukoak eta aldeen argudioak, Litvinenkoren senitartekoenak tartean, entzun zituen 2015eko urtarrilaren 27tik ekainaren 31 bitartean.

Erresuma Batuko Gobernuak ezarritako baldintzen arabera, Owenek ezin du inor auzipetu, heriotzaren nondik norakoak eta ustezko erantzukizuna argitzera mugatu behar du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa