Mundua -
'Jonas' ekaitza
AEBko ekialdea, elur ekaitz suntsitzaile bat jasotzeko prest
60 zentimetroko elur geruza pilatuko da Washingtonen, eta 30ekoa, New Yorken.
agentziak | erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako ekialdearen zati handi bat elur ekaitz gogor eta luze bat jasotzeko prestatu da, hainbat estatutan larrialdi egoera ezarri ostean. Izan ere, baliteke sekula baino elur gehiago botatzea Washingtonen eta inguruan.
AEBren Meteorologia Zerbitzuak azken buletinean ohartarazi duenez, ekaitza "suntsitzailea" izango da, eta gaur eta bihar joko du gogorren Atlantikoko kostan. Washingtonen, inguruan eta Baltimoren 60 zentimetrorainoko elur geruza pilatuko omen da.
1922koa da idatziz jasota dagoen elur marka handiena Washingtonen, 72 zentimetroko geruza pilatu zenekoa.
New Yorken 20-30 zentimetro pilatuko omen dira, eta Filadelfian 45 bat, aurreikuspenen arabera. Hegoalderago, izotza nagusituko da Kentucky eta Ipar Carolina inguruan.
Guztira, 15 estatutako 80 milioi herritar daude alertan 'Jonas' ekaitza dela eta. Neguko lehenengo ekaitz gogorra izango da, eta, elurraz gain, haizete gogorrak eragingo ditu.