Mundua -
Kolonbiako bake-prozesua
'Preso politiko guztiak askatzea' eskatu dio FARCek Gobernuari
Halaber, ikerketa penal gehiagorik ez egiteko eta atxiloketa gehiagorik ez agintzeko deia egin dio Errepublikaren Fiskaltzari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
FARCen talde negoziatzaileak "arrazoi politikoengatik auzipetutako eta kondenatutako guztiak" askatzea eskatu dio Kolonbiako Gobernuari.
Atzo, azaroan indultatutako 30 gerrillarietako lehen 16ak askatu zituzten, eta hori "preso politikoen gatazka konpontzeko lehen pauso funtsezkoa" dela esan du Rodrigo Granda Ricardo Tellez gerrillariak, Habanan.
"Argi dago arrazoi politikoak tarteko auzipetutako eta kondenatutako guztiak askatzea izango dela gatazkari amaiera emateko gakoa", nabarmendu du.
Grandak gatazkaren amaiera "esparru juridikora" eramatea eskatu dio Gobernuari, indultu gehiago emanda eta kondenatuei "ardura penalak" kenduta.
Era berean, gerrillak ikerketa penal gehiagorik ez egiteko eta atxiloketa gehiagorik ez agintzeko deia egin dio Errepublikaren Fiskaltzari.
Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen negoziatzaileak bake-prozesuaren azken txanpan daude une honetan, Habanan. Hain zuzen ere, behin betiko su-etena egiteko eta armak entregatzeko metodologia aztertzen ari dira.