Mundua -
Kartzela eta erbestea
Egiptoko iraultzak bost urte bete ditu ezegonkortasunean murgilduta
Iraultzako protagonista gehienak espetxean edo erbestean daude, 2013ko uztailaren kolpe militarrak aurrera eraman duen errepresioaren ondorioz.
Agentziak | Erredakzioa
Hosni Mubarak orduko presidentea boteretik kendu zuen urtarrilaren 25eko herri altxamenduak bost urte bete ditu Egipton. Iraultzako protagonista gehienak espetxean edo erbestean daude, 2013ko uztailaren kolpe militarrak aurrera eraman duen errepresioaren ondorioz.
Abdelfatah al Sisi Egiptoko presidentearen hitzetan, “demokrazia ez da egun batetik bestera osatzen”.
Ahmed Maher Apirilak 6 Mugimenduko koordinatzailea hiru urteko espetxe-zigorra betetzen ari da Torako (Kairo) kartzelan, “baimenik gabe protesta egiteagatik” eta “segurtasun indarrei eraso egiteagatik”.
Ahmed Maher, Alaa Abdel Fatah eta Momahem Adel
Maher bezalaxe, protestetan paper garrantzitsua izan zuten beste ekintzaile batzuk, Alaa Abdel Fatah eta Momahem Adel, esaterako, kartzelan daude orain, nahiz eta bere garaian demokraziaren aldeko mugimendu politiko eta sozialaren ikurrak izan.
Mohamed Mursi Al-Ikhwan al-Muslimimeko buruzagia 2012an presidentetzara heldu zenean, manifestarien askatasun eskakizunak deserosoak bihurtu ziren agintari islamiarrentzat, aurretik Batzorde Militarrari Mursirekin gertatu bezala.
2013ko uztailaren 3an, orduko Defentsa ministroak zuzendutako kolpe militarrak arrakasta lortu eta Abdelfatah al Sisi presidente jarri zuenean, giza eskubideen ekintzaileak agintari berrien etsai bihurtu ziren. Al-Ikhwan al-Muslimimeko (erakunde terrorista orduz geroztik) jarraitzaileak eta gainerako ekintzaile politikoak ez dituzte bereizi, eta biak jazarri ditu erregimenak.
Umeak Kairoko Tahrir plazan. Argazkia: EFE
“Ahmed Maher, Alaa Abdel Fatah eta Mohamed Adel adiskideak atxilotu ondoren, Egipton jarraitzea ezinezkoa zen”, esan du Abdel Rahman Mansur ‘Guztiak Jaled Said gara’ webgunearen sortzaileak Londresen.
Mansurrek 2013ko abuztuan Egiptotik ihes egin zuen, Rabaa al Adauiyako sarraskia gertatu eta hiru egun geroago. Segurtasun indarrek Mohamed Mursiren aldeko kanpaldi bat desegin zuten. Mursi hilabete lehenago boteretik kendu eta espetxeratu zuten.
Oraingoz Egiptora itzultzeko asmorik ez duela ziurtatu du ekintzaileak, “bidegabekeriak eta errepresioa masiboak direlako”.
60.000 preso politiko baino gehiago
Gamal Eid abokatuak eta Giza Eskubideen Informaziorako Sare Arabiarreko (RAIDH) zuzendariak azaldu duenez, 60.000 preso politiko baino gehiago daude Egiptoko espetxeetan, 58 kazetari tartean.
Al Sisiren kolpe militarrari babesa eman zioten ekintzaile asko, Ahmed Duma blogaria esaterako, kartzelan daude. Dumak paper garrantzitsua izan zuen urtarrilaren 25eko iraultzan eta Mursiren kontrako protestetan.