Mundua -

Iruzkina

Orain Obama antisemita dela diote

Lehen ministro israeldarraren koinatu batek AEBetako presidenteari leporatzen dio antisemita, antiisraeldarra eta antijudua izatea, eta juduak gorrotatzea.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamaika ikusteko gaude! Hor dator Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarraren koinatu bat eta AEBetako presidenteari, Barack Obamari, leporatzen dio antisemita, antiisraeldarra eta antijudua izatea, eta juduak gorrotatzea.

Aldi berean, Arazo Publiko Amerikar-Israeldarren Batzordea, hau da, AEBetan den presio-talde israeldarzale nagusia, Obamaren kontra altxa da, Israelgo Gobernuaren kontra jarri dela esanez lurralde okupatuetako kolonien arazoan.

Joe Biden Israelerako bisitan iritsi zenean, Gobernuak lurralde horietan koloniak eraikitzen jarraituko zuela iragarri zuenean, Obama haserre agertu zen eta bertan behera utzi zuen bere mandatariaren, George Mitchell senatari ohiaren, bidaia. Izan ere, ez zuen uste ezertarako balioko zuenik.

Gauzak horrela, aditu diplomatikoen artean iritzi nagusia da Obamaren erreakzioa txepela izan dela, gogorragoa izan behar zuela. Eta hala eta guztiz ere, AEBetako lobby juduak gogor eraso dio presidenteari.

Agian honek zerikusia izango du Netanyahuk igandetik aurrera AEBetara egingo duen bisitarekin. Bere aldeko guztiak mobilizatzera doa hara, harik eta Washingtonen politika Israelekiko alda ez dadin; hau da, AEBek babes dezatela Israel zernahi eginda ere.

Netanyahu ez da kezkatu bere agenda Obamaren egitekoekin bat etor zedin. Presidentea egun horietan Indonesian izango da, bere haurtzaroa gogoratuz; beraz, ez dugu esango ezin ikusia dutenik, baina ez dute elkar ikusiko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea