Mundua -
Krisi ekonomikoa
Gasolina garestitu, bolivarra debaluatu eta soldatak igo ditu Madurok
Herrialdearen krisi ekonomikoa arintzeko neurri sorta iragarri du Venezuelako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako krisi ekonomiko eta soziala arintzeko asmoz, neurri ekonomiko sorta bat iragarri du Nicolas Maduro presidenteak. Gasolinaren prezioa % 6.000 igo, bolivarra % 58,7 debaluatu eta oinarrizko soldatak % 20 igoko ditu Venezuelako Gobernuak.
95 oktanoko gasolina litroak 6 bolivar balioko ditu aurreratzean (0,097 bolivar balio zuen orain arte); 91 oktanokoa, berriz, bolivar batean salduko dute ostiraletik aurrera (0,007 balio zuen orain arte). Garestitzea % 6.000koa izango den arren, munduko merkeena izaten jarraituko du.
27 urtean lehen aldiz garestituko du gasolinaren prezioa Venezuelak, eta urte askotan izandako politika errotik aldatuko du. Carlos Andres Perez presidenteak garestitu zuen azkenekoz, 1989an, eta protesta biziak eragin zituen ('Caracazo' izenarekin ezagututakoak). Madurok esan duenez, prezioak garestitzea "ezinbestekoa" da, gasolina ekoizteko "gastatzen dena ordaindu ahal izateko modu bakarra" baita.
Venezuelako estatuburuaren arabera, Venezuelako ibilgailuen % 30k bakarrik erabiltzen dute erregai mota hori.
Maduroren hitzetan, "gerra geopolitiko baten eraginez amildu da petrolioaren prezioa". Beherakada horrek Venezuelak hainbat urtez petrolioarekiko izan duen politika aldatzea ekarri du, baina "egoera horrekin ere, Venezuelako Gobernuak gizarte laguntzei eutsi die", esan du. Hala, garestitzeari esker lortuko diren diru-sarreren % 30 garraiobide publikoei laguntzeko erabiliko du Exekutiboak.
Munduko gasolina merkeena dute Venezuelan. Argazkia: EFE
Dirua debaluatzea ere erabaki du Madurok. Dolar bat eskuratzeko 10 bolivar beharko dira aurrerantzean (orain arte, 6,30 behar ziren); beraz, bere balioaren % 59 galduko du.
Azkenik, "enplegua eta soldatak babesteko", oinarrizko soldata % 20 igoko du Madurok, eta jakiak erosteko bonua % 2,5.