Itxi

Mundua

Polemika

Frantzisko aita santua eta Donald Trump, elkarri mokoka

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aita Santuak esan du Trump ez dela kristaua, eta horrek hauxe erantzun dio: "Estatu Islamikoak Vatikanoari eraso egiten dioenean, AEBko presidentea ni izatea nahiko du".

  • Frantzisko aita santua. Artxiboko irudia

    Frantzisko aita santua. Artxiboko irudia

Mexikotik Erromarako hegaldian, Frantzisko aita santuak luze eta zabal hitz egin du kazetariekin, hainbat gairen inguruan; tartean, Donald Trumpek egin dizkion kritikei buruz.

Trumpen aburuz, aita santua “politikari bat” da, eta, migrazioaren arazoaren kasuan, “Mexikoko Gobernuaren zerbitzura dago”.

“Politikoa naizela esan du, eta Aristotelesek gizakia ‘animal politicus’ bezala definitu zuen, zorionez. Ni, gutxienez, pertsona humanoa naiz. Tablero bateko fitxa bat naizela ere esan du, eta, agian, hala izango da, hori zuen esku uzten dut, jendeak erabaki dezala arrazoi duen edo ez”, erantzun du Frantziskok.

Alderdi Errepublikanoaren presidentegai izan daitekeenak Mexikoko migratzaileei buruz esandakoak ere izan ditu hizpide. Trumpek adierazi du AEBren eta Mexikoren arteko mugan 2.500 kilometroko horma bat eraikiko duela, presidente izendatuz gero, eta paperik gabeko 11 milioi etorkin deportatuko dituela.

“Une oro hormak non eraiki pentsatzen ari bada, zubiak eraiki beharrean, ez da kristaua. Hori ez da Ebanjelioa. Botoa nori eman aholkatzeko esaten didazue. Ni horretan ez naiz sartuko. Gauza bakarra esango dut: gizon hori ez da kristaua halakoak esaten baditu”, azpimarratu du.

Bestalde, Trumpek ondoko mezuarekin erantzun dio Frantzisko aita santuari: “Estatu Islamikoak Vatikanoari eraso egiten dioenean –mundu guztiak daki hori izango dela bere azken garaikurra-, AEBko presidentea ni izatea nahiko du aita sSantuak; nirekin horrelakorik ez delako gertatuko”.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena