Mundua -

% 30eko murrizketa

Armategi nuklearra murriztea adostu dute Errusiak eta AEBek

Barack Obama AEBetako presidenteak eta Dmitri Medvedev buruzagi errusiarrak telefonoz elkarrizketa izan ostean jakitera eman dute akordioa.

Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Desarme itun berri bat adostu dute gaur Amerikako Estatu Batuek eta Errusiak, eta apirilaren 8an Pragan (Txekiar Errepublika) sinatuko dute. Akordioaren arabera, herrialde bakoitzak 1.550 ogiba nuklear izan ahalko ditu, Etxe Zuriak gaur iragarri duenez.

Barack Obama AEBetako presidenteak eta Dmitri Medvedev buruzagi errusiarrak gaur telefonoz elkarrizketa izan ostean jakinarazi dute akordioa.

Arma atomikoak ez ugaltzeko borrokan bi potentziak munduaren eredu izan behar direla goraipatu dute bi buruzagiek.

Itunaren arabera, Errusiak eta AEBek 800 "bektore estrategiko" izan ahalko dituzte. Bektoreak distantzia luzeko jaurtiketak egiteko ekipoak dira: Kontinentearteko misilak, urpekuntziak eta hegazkin bonbaketari estrategikoak.

Bi potentziek 1.550 ogiba nuklear izan ditzakete gehienez, ondorioz, % 30eko murrizketa bat dago Moskuko Itunarekin alderatuta, Etxe Zuriaren arabera.

Konpromiso handiagoa

Itun berriak desarmerako konpromiso handiago bat suposatzen du, START aurreko itun nuklearrarekin alderatuta. START 1991n sinatu zuten eta iragan abenduan amaitu zen.

START armategi atomikoa murrizteko lehen saiakera izan zen. Bi potentziek elkarri mehatxatzen zioten 50eko hamarkadatik, Gerra Hotzeko garaitik.

Era beran, desarmearen egiaztapen sistemak sinplifikatzen ditu itun berriak. Akordio berria apirilaren 8an, Pragan, sinatzea erabaki dute bi agintariek gaur. Ituna AEBetako Senatuak eta Errusiako Dumak berretsi beharko dute orain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea