Mundua -

Hauteskunde legegileak

Jameneik botoa ematera deitu ditu herritarrak, etsaiari aurre egiteko

Azken urteotan herrialdea mundura irekitzea ahalbidetu duten talde moderatu eta erreformistek irabaziko dutela aurreikusi dute.

Hauteskundeak Iranen. Argazkia: Mikel Ayestaran
Hauteskundeak Iranen.
Hauteskundeak Iranen. Argazkia: Mikel Ayestaran

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ali Jamenei Irango buruzagi gorenak hauteskunde legegileetan parte hartzeko deia egin die herritarrei, "etsaiari huts egiteko", eta "duintasuna eta independentzia nazionala" defendatzeko.

Jameneik horixe adierazi du lehenengo orduan botoa ematera joan denean, boto-emaileen parte-hartzearen garrantzia azpimarratzeko, eta "begiak irekita" bota dezaten eskatu du.

"Hauteskundeek etsaiari huts egin eta ilusioa kendu behar diote. Herritarren parte-hartzea duintasuna eta independentzia nazionala dira. Bozketaren emaitzei gosez begiratzen dieten etsaiak ditugu", gaineratu du Jameneik, Irango buruzagi politiko eta erlijioso nagusiak.

Hala, Jameneik bere "herri maiteari" egin dion eskaera "Iran, Errepublika Islamikoa, eta nazioaren handitasuna eta ohorea" babesten dutenei botoa ematera joan daitezela izan da.

Parlamenturako eta Aditu Asanbladarako hauteskundeak gaur hasi dira, eta talde moderatuek eta erreformistek irabaziko dutela aurreikusi dute, kontserbadoreen kaltetan.

Ia 55 milioi irandarrek dute botoa emateko eskubidea, eta horien esku dago 290 parlamentariak, eta Adituen Asanbladako 88 kideak aukeratzea. Azken hori apaiz xiiek osatzen dute, eta horien zeregina buruzagi gorenaren kudeaketa kontrolatzea eta berriak aukeratzea da.

Astebete iraun duen hauteskunde-kanpaina ekonomian oinarritu da, eta kontserbadoreek Hasan Rohani presidentearen aliatuen kontra jo dute gogor, horiek izan baitira erreformen bidez herrialdea mundura irekitzea ahalbidetu dutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko azken ordukoa Iran albisteak