Mundua -
Analisia
Txetxeniak gerra ematen jarraitzen du
Moskuko atentatuen atzean txetxeniarrak daudela pentsatzeko arrazoiak badaude, izan ere, lehen ere egin dituzte antzeko erasoak, eta atentatu gehiago egiteko mehatxua ere luzatu zuten bere garaian.
Jesus Torquemada
Joan den azaro bukaeran lehergailu batek eztanda egin zuen Nevski Express, Mosku eta San Petersburgo lotzen dituen trenean. Ofizialki 26 pertsona hil ziren; atentatua beren gain hartu zuten txetxeniarrek, ordea, 30 hildakotik gora aipatu zituzten.
Ohar hartan, Dokú Umárov buru duen taldeak iragarri zuen aurrera segituko duela tentatu klase hauek eginez, "errusiarrek Txetxenia okupatzen duten artean". Horrek aktualitatera ekarri zuen berriro Txetxeniako gatazka.
Errusia barruan dagoen Kaukasoko errepublika horretan gehiengoa musulmana da, eta 90eko hamarkadan errusiarrek eta txetxeniarrek gerra oso gogorra egin zuten.
Putin Errusiako presidentetzara iritsi zenean, gerra hura irabaztea jarri zuen lehentasunen artean. Horretarako, Kadirovtarren klanean bermatu zen. Errusiari aurre egiten ari ziren buruzagi txetxeniarren aurka zeuden Kadirovtarrak. Ramzam Kadirov da orain Txetxeniako presidente, eta diktadore moduan ari da gobernatzen. Grozni hiriburuaren zati bat berreraiki dute, eta errusiarrek lortu dute, nola edo hala, Txetxenia baketzea.
Hala ere, oraindik badira mendietan babesturik dauden gerrilari txetxeniarrak, eta komando batzuk eraso egiten dute Errusia barruan.