Mundua -
950 tona petrolio
Australiako koral-hesi bat, arriskuan isuri baten ondorioz
Petrolio-ontzi txinatar bat hondartu egin da Queensland estatuko kostaldetik 70 kilometrotara. Petrolioak munduko koralezko uharririk handiena kaltetu dezake.
Erredakzioa
Petrolio-ontzi txinatar bat Australiako kostaldean hondartu egin da, koralezko uharritik hurbil.
Ontziak 950 tona petrolio daramatza eta isuriz gero munduko koralezko hesirik handiena kaltetu dezake.
Shen Neng 1 bart gelditu egin da Queensland estatuko kostaldetik 70 kilometrotara, Kepel uharte turistikotik hurbil, Australiaren ipar-ekialdean.
Zenbait hegaldi egin ostean, agintariek petrolio orban txiki batzuk ikusi dituzte baina isuria handiago izan daiteke. "Egoera larria da eta ontzia bitan zatitu daiteke, koralezko uharriaren kalteak ahalik eta gutxien izateko indarrez ari gara lanean", adierazi du Queensland gobernadoreak.
Agintariek eremua produktu kimiko batekin bustitzeko asmoa dute, orbanak sakabanatzeko, eguraldiak aukera ematen badu.
Itsasontziak 230 metroko luzera du eta 65.000 tona ikatz eta 950 tona petrolio garraiatzen zituen. Laster porturik hurbilenera atoian eramateko asmoa dute.
Koralezko hesi handi 3.000 uharri txikik eta 900 uharte baino gehiagok osatzen dute, Ozeano Barean 2.600 kilometrotan zehar.