Mundua -
Polemika
Cantalamessak barkamena eskatu eta Aita Santua errugabetu du
Aita Santuaren etxeko sermolariak, pederastia kasuen inguruan, Benedicto XVI.aren kontrako kritikak antisemitismoarekin parekatu zituen.
Erredakzioa
Raniero Cantalamessa Aita Santuaren etxeko sermolariak barkamena eskatu die juduei Ostiral Santuan egindako adierazpenengatik. Bere hitzaldian Benedicto XVI. Aita Santuak, pederastia kasuei buruz, jasotako kritikak antisemitismoarekin parekatu zituen. Cantalamessaren arabera, Aita Santuak ez zuen bere diskurtsoa ezagutzen.
"Nahi gabe juduak eta pederastiaren biktimak mindu baditut, atsekabeturik nago eta barkamena eskatu nahi dut, guztioi nire elkartasuna eskainiz", adierazi du Cantalamessa.
75 urteko frantziskotarrak adierazi duenez, bere hitzak "lagunkoiak" ziren, kontuan izanda aurten Pazko kristau eta judua aste berean ospatuko direla jakinda agur bat zuzendu nahi nien juduei.
Cantalamessak egindako hitzaldian, lagun judu baten gutuna irakurri zuen, Elizak jasotzen ari den kritiken harira. Gutunean, "erru pertsonalak kolektibo osoari botatzea antisemitismoaren ezaugarri lotsagarrienak gogorarazten dizkit", zioen.
Apaizak adierazi duenez, Vatikanoan inork ez zuen ezagutzen bere diskurtsoa eta Aita Santuak berak zuzenean entzun egin zuen. Hori "konfidantza keinu handia da niretzat", adierazi du Cantalamessak.