Mundua -
AEB
Gutxienez 25 hildako, Virginiako meatze batean izandako leherketan
Gainera, lau pertsona harrapatuta geratu dira meategiko galerietan. Sektoreko adituek diote metano gasaren leherketak eragin duela ezbeharra.
Erredakzioa
Gutxienez 25 langile hil dira eta beste lau harrapatuta geratu dira gaur AEBetako Mendebaldeko Virginia estatuko meategi batean atzo izandako leherketa baten ondorioz, bertako agintariek jakitera eman dutenez.
Salbamendu Taldeek lanean dihardute atzo arratsaldetik desagertutako meatzariak bizirik erreskatatzeko asmoz, Kevin Stricklin Meategien Segurtasunerako eta Osasunerako Zuzendaritza Federalaren bozeramailearen esanetan.
25 hildakoetako bat ospitalean zendu da eta beste batek zainketa intentsiboen unitatean jarraitzen du larri.
Massey Energy´s Performance Coal meategiko lanen arduradunak publiko egindako adierazpen batean agertu dutenez, "erreskate lanetara" bideratzen ari dira esfortzu guztia.
Leherketa atzo arratsaldean izan zen Upper Big Branch meategian, Raleigh konderrian, Charleston hiritik 50 kilometro ingurura.
Oraindik ez dakite leherketa zerk eragin duen, baina sektoreko adituek diote metano gasaren leherketa batek eragin duela ezbeharra, izan ere, 2006an 12 meatzari hil ziren Mendebaldeko Virginian dagoen beste meategi batean, aipatu arrazoia medio.
Aurrekariak dituen enpresa bat
Massey Energy´s Performance Coal enpresak isunak jaso ditu iraganeko hainbat istripurengatik.
2006an meategi batean izan zen sutearengatik enpresak errudun jo zuen bere burua eta 2009an 2,5 milioi dolarreko isuna ordaindu behar izan zuen 10 krimen leporatuta.