Mundua -

Estrategia nuklear berria

Arma nuklearrak erabiltzeko murrizketak aurkeztu ditu Obamak

Arma nuklearrak "muturreko baldintzetan" soilik erabiliko dituztela agerian utzi dute AEBek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amerikar Estatu Batuetako Gobernuak arma nuklearrak "muturreko egoeratan" soilik erabiltzeko konpromisoa hartu du; besteak beste, AEBen edo bere aliatuen interesak babesteko, gaur Barack Obamaren Gobernuak jakinarazi duenez.

AEBetako estrategia nuklear berriaren arabera, arma nuklearrak ez dituzten herriak eta Arma Nuklearrak ez Ugaltzeko Ituna betetzen dituzten herrien aurka arma nuklearrik ez erabiltzeko eta beroriekin ez mehatxatzeko konpromisoa hartu du Obamaren Gobernuak.

Herri horiek AEBei arma biologikoekin edo nuklearrekin eraso egitekotan, Washingtonek "ohiko indar militar suntsitzailearekin" erantzungo luke, Etxe Zuriaren txostenaren arabera.

Dena den, AEBek bere konpromisoa aldatzeko eskubidea gordetzen dute, "arma biologikoen eragin suntsitzailearen eta horietan ematen diren aurrerapen azkarren aurrean".

Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna errespetatzen ez dutenen kasuan, AEBek "arma nuklearrak erabiltzeko hainbat baldintza berezi aurreikusten" dituzte.

Hori dela eta, AEBek ez dute mugatu soilik arma nuklearren erabilera eraso nuklearrei.

Bestalde, "muturreko eta berehalako" arriskua terrorismo nuklearra dela dio txostenak. Batez ere, Al Kaida bezalako taldeen kasuetan, lortzekotan bonba atomikoak erabiltzeko prest baitaude.

Talde terroristen mehatxuez gain, arma nuklearrak ugaltzeko arriskua handia dela esan du Pentagonoak. Iran eta Ipar Korea aipatzen ditu batez ere, Etxe Zuriak arma nuklearrak ugaltzen dituzten herrien artean.

''Jarrera Nuklearraren Berrikusketa'' (''Nuclear Posture Review'') izena du txosten hori eta agintaldi bakoitzean berrikusten da. Orain arte, 2002koa, George W. Bush agintean zegoenekoa, zen azkena.

Pragan Obamak eta Dimitri Medvedev Errusiako presidenteak arma nuklearrak ez ugaltzeko itun berri bat (aurrekoa, START, 1991koa da) sinatu baino egun bat lehenago aurkeztu dute txosten hori.

Gainera, datorren astean segurtasun nuklearrari buruzko goi-bilera egingo du Obamak Washingtonen. Bertan, 44 herritako Estatuburu edo Gobernuburu gonbidatu dituzte, besteak beste, Espainiakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea