Mundua -
Bolivia
Evo Moralesen alderdiak bost eskualdetan irabazi du
Chuquisaca, La Paz, Cochabamba, Oruro eta Potosiko eskualdetan MASek irabazi ditu hauteskundeak. Santa Cruz, Tarija eta Benin, ostera, oposizioko hautagaiek lortu dute garaipena.
Erredakzioa
Sozialismoaren Mugimenduak (MAS), Evo Morales presidentearen alderdiak, Boliviako bederatzi eskualdeetatik bostetan garaipena lortu du hauteskundeetan, Hauteskunde Gorte Nazionalak (CNE) gaur argitaratutako lehenengo datu ofizialen arabera.
Zenbaketaren portzentaje ezberdinak direnean, Chuquisaca, La Paz, Cochabamba, Oruro eta Potosiko departamentuetan MAS alderdiak irabazi ditu iragan igandean egindako hauteskundeak. Santa Cruz, Tarija eta Benin, ostera, oposizioko hautagaiek lortu dute garaipena.
Pandoko eskualdean, bozen % 20,4 zenbatu dituztenean, puntu bakarreko aldearekin (57 boto) Paulo Bravo oposizioko hautagaia da garaile, bozen % 49,1 eskuratu baititu. Jose Luis Flores Moralesen hautagaiak, aldiz, botoen % 48,4 lortu ditu.
Udal hauteskundeak
Udal hauteskundeen kasuan, hamar hiri nagusietatik zazpitan oposizioko hautagaiek garaipena lortu dutela baieztatu da.
La Paz eta Oruron Beldurrik gabeko Mugimenduak (MSM) irabazi du; Sucren, Jaime Barron alkate ohiak boterea lortuko luke berriro; Potosi, Rene Joaquino kitxuak gobernatuko du; Santa Cruzen, Percy Fernandezek errepikatuko du alkatetzan, eta Trinidad Mosises Shriquik zuzenduko du.
MASek Alton irabaztea lortu du Edgar Patana hautagaiarekin. Cochabamban Edwin Castellanosek lortu du garaipena eta Cobijan Ana Reisek.
Behin betiko emaitzak apirilaren 24an jakinaraztea espero dute, izan ere, goi-ordokiko mahai batean bozketa errepikatu beharko dute logistika arazoak direla-eta.