Mundua -
Oposizioaren arabera
Kirgizistaneko Gobernuak dimisioa aurkeztu du
Herrialdea krisitik ateratzeko batasun nazionaleko Gobernu bat osatzeko ardura eman dio oposizioak Atzerri ministro ohiari. Gutxienez 68 hildako eta 520 zauritu utzi dituzte istiluek.
Erredakzioa
Gutxienez 68 pertsona hil dituzte eta 520 zauritutik gora daude atzo Biskeken, Kirgizistaneko hiriburuan izandako gobernuaren aurkako istiluetan, Osasun Ministerioak aditzera eman duenez.
Ministerioko bozeramaile baten esanetan, orain arte 33 gorpu identifikatu dituzte.
Kirgizistaneko Gobernuak dimisioa aurkeztu du eta Kurmanbek Bakiev presidenteak Biskek hiriburua utzi du, bere jaioterria den Osheko etxean dago, Kirgizistaneko oposizioak jakitera eman duenez.
Ehunka pertsona, Lehendakariaren egoitzan, Etxe Zuriaren aurrez aurre bildu dira gaur goizean eta gobernuaren lana etenda dago, Interfax agentzia errusiarrak jakitera eman duenez. Fiskaltza Nagusiko egoitzari su eman zioten atzo manifestariek.
Etxe Zuria inguratzen duen hesian boteretik kendutako presidentearen argazki odoleztatu bat eskegita dago eta Etxe Zuriko bandera nazionala desagertu da.
Herrialdea krisitik ateratzeko batasun nazionaleko Gobernu bat osatzeko ardura eman dio oposizioak Rosa Otunbayeva Atzerri ministro ohiari.
Bakiev 2005ean heldu zen Gobernura. Urte horretako Tulipen Iraultzan, Askar Akayev orduko presidentea boterea uztera behartu zuten eta ondoren Moskun erbesteratu zen, oposizioko manifestariek Gobernuko eraikuntza nagusiak bereganatu ostean.
Oraingoan, oposizioak dimisioa aurkezteko eskatu zion Bakievi, boterea euren eskuetan uzteko. Hiriburuko manifestazioak desegiteko errepresioa eta indarkeria erabili ditu Gobernuak orain arte.