Mundua -

Hondamendia

Hildako kopurua ugaritu da Rio de Janeiron luizien ondorioz

Niteroi, Rio ondoko hiria, da denboraleak gogorren jo duena eta dagoeneko 79 hildako eta 2.000 kaltetu zenbatu dituzte. Orotara 145 dira hildakoak eta dozenaka daude desagertuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rio de Janeiron jada 145 dira euriteen ondorioz hildakoak, agintariek jakitera eman dutenez, eta uraren eraginez sortu diren luiziek egoera okertu dute.

Niteroi, Rio ondoko hiria, da denboraleak gogorren jo duena eta dagoeneko 79 hildako eta 2.000 kaltetu zenbatu dituzte, suhiltzaileen azken balantzearen arabera.

Hiri horretan Alkatetzak kalamidade publiko egoera eta dolu ofiziala ezarri du astebetez, izan ere, atzo arratsaldean euriteak indartu ziren eta luiziak ugaritu.

Rio de Janeiro hirian 46 hildako zenbatu dituzte, Sao Gonçalon 16, eta gainerakoak Nilopolisen, Paulo Frontinen, Magen eta Petropolisen, denak Rio de Janeiro estatuan.

Dozenaka desagertu

Luizien ondorioz hondakinen artean harrapatuta geratu diren dozenaka pertsona bilatzen ari dira orain suhiltzaileak.

Biktima gehienak auzo pobreetakoak, faveletakoak, ziren, mendialdean eraikitako etxebizitza eskasetan bizi ziren.

Babes Zibilaren eskualdeko erakundeak kaltetuen balantzea egin du eta 14.700 pertsona etxebizitzarik gabe geratu direla adierazi du.

Gaur atertuko du

Atzo goizean tarte batzuetan atertu bazuen ere, arratsaldean eurite handiak izan ziren eta gaur arte iraungo dute, iragarpenaren arabera.

Rio de Janeiroko kale batzuk oraindik ur azpian eta errepideak etenda badaude ere, normaltasunera itzultzen ari dira eta garraio publikoa martxan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea