Mundua -

Exodoak jarraitzen du

1.662 errefuxiatu heldu dira Greziako uharteetara azken 24 orduetan

Guztira, 50.411 etorkin eta iheslari daude Grezian. Idomeniko kanpamentua pertsona gehien hartzen dituen tokia da: 13.250.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiaren eta Europar Batasunaren arteko akordioak ez du errefuxiatuen jarioa eten. Hala, 1.600 iheslari baino gehiago heldu dira Greziako uharteetara azken 24 orduetan. Dagoeneko 50.000 errefuxiatu baino gehiago daude Grezian.

Errefuxiatuen krisia kudeatzeko zentroak gaur argitaratutako datuen arabera, azken orduetan 1.662 lagun iritsi dira Egeo ekialdeko uharteetara. Gehienak, 830, Kiosera heldu dira. Beste 698 Lebosera iritsi dira.

Gobernua uharteak husten hasi zen larunbatean, zentroak Turkiara itzuliko diren etorkin, iheslari eta errefuxiatuak hartzeko prest uzteko.

Hala ere, errefuxiatuen uholdeak ez du etenik eta ibilgailuen gabezia nabaria da. Ondorioz, 5.538 etorkin eta iheslari daude uharteetan.

50.411 pertsona Grezia osoan

Guztira, 50.411 etorkin eta iheslari daude Grezian. Idomeniko kanpamentua pertsona gehien hartzen dituen tokia da: 13.250. Inguruko kanpamentu, zentro eta ostatuetako errefuxiatuak ez dituzte zenbatu.

Pireoko portua beste toki kritiko bat da; izan ere, 5.132 errefuxiatu pilatu dira bertan.

Lebosetik eta Kiosetik 500 pertsona baino gehiago heldu dira goizean, baina erdia bakarrik eraman ahal izan dituzte lau autobusetan. Gainerakoak lepo dagoen portuan geratu behar izan dira ibilgailuen faltagatik.

Elefsinako portuan, Atenasetik 20 bat kilometrora, Eleftherios Venizelos ferrya porturatzeko zain dago, 1.433 pertsona barruan dituela.

Ontzia ezin izan da porturatu, errefuxiatuak eramateko ibilgailuen faltagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Europar Batasuna Migrazioa Greziako albisteak Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan albisteak Turkia albisteak Mediterraneo itsasoa gaur