Mundua -

Atxilotu dute

Gizon armatu batek kaosa eragin du AEBko Kapitolioan

Erasotzailea zauritu eta atxilotu du Poliziak. Antza denez, gizonak berak bakarrik egin du erasoa, eta ekintza kriminal “arrunta” izango litzateke, inongo lotura terroristarik gabe.

Poliziak Kapitolio inguruan. Argazkia: EFE
Poliziak Kapitolio inguruan. Argazkia: EFE
Poliziak Kapitolio inguruan. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Kapitolioaren Poliziak gizon bat zauritu eta atxilotu du, Ganberako Bisitarien Zentroan armaturik sartu ondoren. Emakume bat arin zauritu da gertakarian. Hala ere, erasoak kaosa eragin du Kongresuan.

Polizia bat zauritu dela azaldu dute aurreneko informazioek, baina Matthew Verderosa Kapitolioko Poliziaren buruzagiak gezurtatu du prentsaurrekoan.

Eremuan tiro hotsak entzun ondoren, agintariek Kongresuko inguruak ixteko agindua eman dute berehala eta, segurtasun arrazoiengatik, Etxe Zurira sartzea debekatu dute.

Arma zeraman gizona tiroz zauritu eta Washingtoneko ospitale batera eraman dute. Bertan ebakuntza egin diote.

Tiroketan emakume bat zauritu da. Era berean, ospitalera eraman dute, baina zauri arinak ditu bakarrik.

Lotura terroristarik gabe

Nahiz eta ikerketa zabalik egon, lehen zantzuen arabera, gizonak bakarrik egin du erasoa, eta ekintza kriminala “arrunta” izango litzateke. Honenbestez, lotura terrorista baztertu du Verderosak.

Iturri ofizialek ABC, NBC eta CNN telebistei jakinarazi dietenez, erasotzailea 66 urteko Larry Lawson Tennesseeko gizasemea izango litzateke. Iragan urrian atxilotu zuten dagoeneko, Ordezkarien Ganberako saio bat oihuka eten ondoren: “Jaungoikoaren profeta bat naiz”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024