Mundua -
Hegazkin istripua
Kronika Varsoviatik: Polonia presidentearen memoria omentzen ari da
Hegaldia hartu duten pertsona asko duela 70 urte Katyngo sarraskian hil zituzten 22.000 soldaduren senideak ziren. Aurreko astean Errusiak Katynen izandako erantzunkizuna onartu zuen, lehenengoz.
Xabier Collados | Berriemale berezia
Poloniak Lech Kaczynski bere presidentea omendu du gaur. Goizean hegazkin istripu batean hil da 60 urterekin Kaczynski – Jaroslav lehen ministro ohiaren bikia-. Bere emaztea eta Poloniako senatari eta parlamentariak, armadako buruak eta Varsoviako gotzaina hegazkin horretan ziren Errusiara bidean. Bertan 2. Mundu Gerrateko Katyngo sarraskia omenduko zuten, han hil ziren Poloniako 22.000 bat soldaduren dozenaka seniderekin batera. Varsovian, presidentearen jauregiaren atarian loreak eta kandelak uzten hasi dira herritarrak, eta leihoetan zintzilik, Poloniako banderak dolu-xingolekin ikusten dira.
Errusiako agintariek baieztatu dute inor ez dela bizirik atera 20 urteko Tupolev hegazkinetik. Sobiet Batasunean egindako modeloa zen eta Errusian bertan hegazkin hauek erretiratu egin dituzte azken urteotako istripuen ondorioz.
Oraindik ez dago argi zenbat lagun hil diren guztira. 96 lagun hil dira, AP agentziaren arabera. Eta aipatutako agentziak zabaldu duenez, Smolensk-eko aireportua oso lainotuta zegoen eta gidariari Moskura joateko esan diote, baina ezetz esan omen du. Lau aldiz saiatu da lur hartzen eta azkenekoan zuhaitz baten aurka jo eta lurrera erori da.
Poloniako Gobernuak premiazko bilera bat deitu du eta datozen bi asteotan presidentetzarako hauteskunde berriak noiz izango diren erabaki beharko du. Bi hilabeteko epean izan beharko dira hauteskundeak. Bien bitartean, Bronislav Komorovski Poloniako Parlamentuko presidenteak ordezkatuko du Kaczynski.
Hileta ofizialen data ere ez da zehaztu. Donald Tusk Poloniako lehen ministroak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak erabat lur jota daudela azaldu dute.
Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak istripua ikertzeko batzorde berezi bat deitu du. Putin bera izan zen protagonista joan zen astean, Errusiak Katyngo sarraskian izandako papera onartu zuenean. Bi herrialdeen arteko harremanak bere onera itzultzeko keinurik garrantzitsuena izan da hau, azken urteotan.