Mundua -

Galdeketa

Herbehereek ez diote babesik eman EBren eta Ukrainiaren arteko itunari

EBren eta Ukrainiaren arteko elkartze-akordioari buruzko galdeketak errefusatu egin du ituna. Euroeszeptikoek zenbateko babesa duten neurtzeko termometro gisa hartu dute aipatu erreferenduma.

Holandarrak erreferendumean boza ematen. EFE
Holandarrak erreferendumean boza ematen. EFE
Holandan ezezkoa nagusi

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EBren eta Ukrainiaren arteko elkartze-akordioari buruzko galdeketan boza eman duten herbeheretarren gehiengoak ituna arbuiatu du. Euroeszeptikoek zenbateko babesa duten neurtzeko termometro gisa hartu dute aipatu erreferenduma; horrenbestez, izandako emaitzen aurrean, egun zailak aurreikusten dira Gobernuarentzat eta Batasunarentzat.

Herbeheretarrek ezezko handia eman diote harreman politiko eta ekonomiko estuagoak izateko xedea duen EBren eta Ukrainiaren arteko itunari. Bozen % 64k ezezko iritzia azaldu dute; hori bai, parte hartzea ez da oso handia izan, % 32koa besterik ez.

Aipatu ituna Europar Batasuneko gainerako herrialdeek eta Ukrainiak berak onartu zuten, Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak ere sinatu zuen eta joan zen urtarrilean sartu zen indarrean, behin-behinean bada ere.

Ostegun honetan argitara eman diren emaitza ofizialen arabera, boto-emaileen % 64k aurkako botoa eman zuen, eta beste %36ak aldekoa. Parte-hartze tasari dagokionez, %32koa izan zen, aurreko beste hauteskunde batzuetan izandakoa baino txikiagoa, eta gutxigatik gainditzen du emaitza balekotzat hartzeko behar zen kopurua (% 30).

Galdeketa loteslea ez izan arren, Ruttek asteazken gauen onartu zuen politikoki ezinezkoa zela bere Gobernuarentzat ituna dagoen horretan babesten jarraitzea. Aitzitik, nola une honetan Herbehereek duten esku artean EBko txandakako presidentetza, Ruttek denbora beharko du alderdi guztien oniritzia bilduko duen itunaren moldaketa egiteko.

Ruttek adierazi zuen Gobernuak Legebiltzarrari eta Europako kideei galdetuko ziela “urratsez urrats”. “Hori egiteak luze jo dezake”, onartu zuen.

Euroeszeptikoentzat hegoak

Geert Wilders eskuin muturreko eta musulmanen aurkakoa den PVV alderdiko buruak Twitter sare sozialen ospatu zuen “Europako eliteari eta Ukrainiarekiko itunari” emandako “Ezezkoa”, bere ustez, “EBren bukaeraren hasiera baita”.

“Europaren batasunaren aurkako erasoa”

Petró Poroshenko Ukrainiako presidenteak ostegun honetan adierazi duenez, “Europaren batasunaren aurkako erasoa da” atzo Herbehereetan egindako galdeketa.

Dena dela, Ukrainiako agintariak galdeketa ez zela loteslea gogoratu nahi izan du, eta ziur azaldu da gertatutakoa “ez dela oztopo bat izango Ukrainia Europara sartzeko bidean”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Europar Batasuna Ukraina azken orduko Herbehereak argazkiak Eguneko albisteak