Mundua -
Hondamendi naturala
617 dira jada 7,1 graduko lurrikararen ondorioz Txinan hildakoak
Lan taldeek 1.000 lagun inguru erreskatatu dituzte hondarren artetik, Txinako Segurtasun Publikoko Ministerioak adierazi duenez.
Erredakzioa
Gutxienez 617 pertsona hil eta beste 10.000 zauritu dira atzo Txinako mendebaldean jazotako 7,1 graduko lurrikara baten ondorioz, Xinhua albiste agentzia ofizialak baieztatu duenez.
Lurrikara jazo den ingurura konboiak joango dira elikagaiak, kanpai-dendak eta sendagaiak eramateko.
1.000 lagun inguru, bizirik
Lan taldeek 1.000 lagun inguru erreskatatu dituzte hondarren artetik, Txinako Segurtasun Publikoko Ministerioak adierazi duenez.
Bertako hedabideen arabera, indusketa material gutxi dago eta horrek erreskate lanak zaildu egiten ditu.
Jiegu herrian (Qinghai probintzia), hots, epizentroa izan den tokian, etxebizitzen %85 behera etorri dira.
Erreskate lanetan dabilen polizietako batek ziurtatu du biktimen artean lehen hezkuntzako eskoletako ikasleak daudela, baina oraindik ez dago argi kopurua.
700 soldadu inguru daude han lanean, eta jada 900 pertsona erreskatatu dituzte.
Orain arte lurrikararen 20 erreplika inguru jazo dira, handiena 6,3 gradukoa, lehen dardara gertatu eta ordu eta erdira.
Ez dago espainiarrik leku horretan
Qinghaiko probintzian ez dago espainiarrik erroldatuta, eta ez dago hara oporretan edo handik pasatzen ari zen espainiarren berririk ere, Kontsulatuko agintariek informatu dutenez.
Dena dela, Miguel Bauza Beijingo kontsul espainiarra Txinako agintariekin dago harremanetan uneoro.
Tokiaren ezaugarriak
Lurrikara atzo jazo zen 07:49an (01:49 Euskadin), Qinghai eta Tibet eskualdeen arteko muga den leku menditsu batean.
Handik eta 200 kilometrora munduko tren linea altuena dago (Qinghai-Tibet), baina oraingoz ez dago argi kalteak izan dituen.
Qinghai eskualdean tibetarrak, mongoliarrak eta hui (musulmanak) eta han etniakoak bizi dira. 2008an, Sichuanen 90.000dik gora pertsona hil zituen lurrikarak ere gogor astindu zuen inguru hori.
Besteak beste, egungo Dalai Lama bertan jaio zelako, Asiako ibai nagusietako hiru (Yangtse, Horia eta Mekong) bertan hasten direlako eta tibetarrek exijitzen duten lurraldea delako da ezaguna Qinghai.
Txinako mendebaldean lurrikara ugari gertatu ohi dira, baina askotan inor bizi ez den lekuetan izaten dira.