Mundua -
Iruzkina
Tentsioak gora egin du Thailandian
Krisialdi politikoaren azken atal hau orain hilabete hasi bazen ere, kinka honetan bizi da Thailandia 2006tik hona. Orduan, estatu-kolpe batez kendu zuten agintetik Thaksin Shinawatra.
Jesus Torquemada
Giroa bero-bero dago Thailandian, oposizioak Gobernua kanporatu nahi baitu eta litekeena da berriro ere borrokak sortzea, joan den astean 22 hildako utzi zituztenak bezalakoak.
Etengabeko krisialdi politiko hori, gainera, hasi da ekonomia ere kaltetzen. Turismoa, oso diru-iturri garrantzitsua da Thailandiako ekonomian eta merkataritza sektorea bezala, ahultzen hasi da.
"Alkandora gorriak", Gobernuaren kontra daudenek, Bangkokeko merkataritza aldean ezarri dute euren egoitza eta horrenbestez, hainbat saltoki itxi dituzte.
Krisialdi politikoaren azken atal hau orain hilabete hasi bazen ere, kinka honetan bizi da Thailandia 2006tik hona. Orduan, estatu-kolpe batez kendu zuten agintetik Thaksin Shinawatra, Thailandiako biztanle txiroenen begiko bihurtu zuen izugarri aberatsa zen gizona. Demokraziarako Fronte Batuak edo "alkandora gorriek", mobilizazioak antolatu dituzte Thaksinen itzulera lortzeko, atzerriratuta bizi baita Dubai eta Londres artean.
Oposizioaren estrategia da Parlamentua desegitea eta hauteskunde aurreratuak deitzea. Baina horrelakorik ez du onartzen oraingo lehen ministroak, Abhisit Vejajjivak. Gobernuak aldeko ditu Bangkokeko biztanle aberatsak eta aurretik mobilizatu egin dira alkandora horiz jantzita. Horiek dira orain urte t’erdi aireportua hartu zutenak. Arriskua airean dago beraz, liskarrak sortu litezkeelako alkandora gorridun eta horidunen artean.