Mundua -
AEB
New Yorkeko bozketa gako izango da AEBko barne-hauteskundeetan
Inkesten arabera, Hillary Clinton nagusituko da demokraten artean, eta Donald Trump, errepublikanoen baitan.
EFE
Etxe Zuria helburu, bozketa erabakigarria dute asteartean alderdi demokratako eta errepublikanoko hautagaiek New York estatuan.
Azken inkesten arabera, New Yorkeko emaitzei dagokienez behintzat, Hillary Clinton da faborito nagusia demokraten artean. Alderdi errepublikanoan, aldiz, Donald Trump dirudunak eskuratuko ditu boto gehien.
Dena dela, nazio mailako emaitzak begiratuta, bi hautagai demokraten arteko lehia estuagoa da, eta bien arteko aldea gutxituz doa. The Wall Street Journal egunkariak eta NBC telebista kateak egindako galdeketa baten arabera, bi puntuko aldea dago bien artean; kanpaina hasi zutenean (iazko ekainean), berriz, 60koa zen.
Jaio zen estatuan kanpaina egiten dabil Sanders buru-belarri. Egin diren azken 'caucus'etan Clintonek baino emaitza hobeak eskuratu ditu hautagai demokratak. Martxoaren 22tik egin diren hauteskundeetatik zazpitan Sanders atera da garaile, eta bakar batean -Arizonan- Clinton.
Barne-hauteskundeetan lortutako ordezkari kopuruak ezarriko du AEBko hauteskundeetarako hautagai demokrata. Horretan, oraingoz behintzat, Clinton da nagusi. 1.776 ordezkari ditu lehen dama izandakoak; Sandersek, 1.125.
Trump, irabaziko duelakoan
Errepublikanoen artean, New Yorkekoa den Trumpek ziurtzat jo du bere garaipena estatu honetan. Nazio mailan ere, Ted Cruz Texaseko senatariari alde dezente ateratzen dio dagoeneko.
Fox telebista kateak egindako inkesten arabera, % 53k Trumpen alde egingo dute, John Kasich Ohioko gobernadoreak lortuko duen babesaren halako bi ( % 22).
New Yorken irabaziko duela uste du Trumpek, eta hori horrela, kanpainako azken eguna estatu horretatik urrun, Buffalon, Kanadako mugatik gertu, eman du.