Mundua -

Smolenskeko ezbeharra

Hegazkin istripuko 96 biktimak omentzeko ekitaldi eguna du Poloniak

Islandiako sumendiak botatako errautsen ondorioz, Cracoviako aireportua itxita dago eta baliteke itxaroten ziren hegazkin ofizialak ez heltzea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun Poloniako leku desberdinetatik trenez edo autobusez Varsoviako plaza nagusira heldu dira, Smolenskeko hegazkin istripuan hildako 96 lagunak omentzeko ekitaldietan parte hartzeko. Istripuan Lech Kaczynski Poloniako presidentea ere hil zen.

09:00etan (GMT) sirena antiaereoak entzun dira, ezbeharra joan den astean ordu horretan jazo baitzen.

Varsoviako alkatetzaren ustez, milioi bat lagun bilduko dira Pilsudski plazan eta inguruko kaleetan istripuaren biktimen omenez egingo diren ekitaldi honetan.

Angelo Sodano kardinalen kolegio santuko dekanoa izan da hileten arduraduna. Elizkizunetan hildakoen argazki handiak egon dira ikusgai. Oraindik ere gorpu batzuk identifikatu gabe daude.

Aste honetan zehar hegazkin istripuan hildakoen lagunen gorpuak aberriratuko dituzte hainbat hegaldi berezietan.

Kaczynski presidentearen eta bere emaztearen gorpuak arratsaldean eraman dituzte Presidentearen Jauregitik Varsoviako alde zaharreko San Juan katedralera. Bertan, Kazimierz Nycz artzapezpikuak egin du elizkizuna.

Nazioarteko ordezkaritza

90 herrialde baino gehiagoko nazioarteko ordezkariak Cracoviara heltzea espero da. Tartean, Barack Obama EABtako presidentea, Dimitri Medvedev Errusiako presidentea eta Espainiako Erregea. Halaber, Islandiako sumendiak botatako errautsen ondorioz, Cracoviako aireportua itxita dago eta baliteke itxaroten ziren hegazkin ofizial guztiak ez heltzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea