Mundua -
Hondamendia
1.706 pertsona hil dira dagoeneko Txinako lurrikararen ondorioz
Hu Jintao presidente txinatarrak lurrikarak astindu zuen eremua bisitatu du, Quinghai probintzian. 12.000 lagun zaurituta eta 256 desagertuta daude.
Erredakzioa
Hu Jintao presidente txinatarrak iragan asteazkenean lurrikarak astindu zuen eremua bisitatu du, Quinghai probintzian. Dagoeneko 1.706 lagun hil egin dira, 12.000 zaurituta daude eta 256 desagertuta daude oraindik.
Erreskate Operazioen Departamentuaren arabera, "guztira 25.000 kanpadenda, 52.000 manta, 16.000 beroki eta 850 tona prestatutako janari eta ura heldu dira lurrikarak kaltetutako gunera".
Askok atari zabalean lo egin behar izan dute tenperatura minimoekin, giza laguntza heltzeko zailtasunak baitaude errepidearen egoera txarragatik.
Agintarien arabera, azkeneko bost egunetan, erreskate zerbitzuek hondakinen artean harrapatuta zeuden 17.000 lagun salbatu dituzte. 100 ordu hondakinen artean zeramatzan 68 urteko gizon bat erreskatatu dute bizirik.
Kaltetutako eremuaren biztanlegoaren % 90 tibetarrak dira eta medikuek zailtasunak dituzte zaurituekin komunikatzeko. Horregatik, ikasle tibetar asko itzultzaile bezala medikuei laguntzen ari dira.
Quinghai Kaltetutako probintzia ezaguna da, Dalai Lama bertan jaio zelako.