Mundua -
Wawel Gazteluan
Kazcynski, Poloniako errege-erreginen eta heroien pare hobiratua
Dimitri Medvedev Errusiako presidentea izan zen hileta elizkizunera bertaratu zen nazioarteko buruzagi bakarretakoa. Basilikaren kanpoaldean 40.000 poloniar inguruk jarraitu zuten erritua.
Erredakzioa
Milaka poloniar bildu dira Lech Kaczynski presidenteari eta Maria Kazcynska emazteari azken agurra emateko hileta elizkizunean. 94 pertsona gehiagorekin batera hil ziren hegazkin istripuz eta atzo hilobiratu zituzten Krakoviako Wawel gazteluan, estatu hiletaren ostean.
Elizkizunean izan zen hildako presidentearen alaba Marta eta anaia bikia, Jaroslaw, eta Dimitri Medvedev Errusiako presidentea izan zen bertaratu zen nazioarteko agintari bakarretako bat, izan ere, hegazkinen joan-etorriak ia geldirik geratu ziren Islandiako sumendiaren errauts-lainoaren eraginez.
Stanislaw Dziwisz Juan Pablo II.a Aita Santuaren idazkari izandakoak eta kardinalak zuzendu zuen hileta-elizkizuna. Medvedevi ongietorri berezia eman zion kardinalak: "Tragedia honek bi herrialdeak gerturatzeko eta adiskidetasuna berreskuratzeko balio behar du".
Izan ere, Kaczynski Smolenskera (Errusia) bidean zihoan hegazkinak istripua izan zuenean. Sobiet Batasuneko soldaduek Katyn basoan militar poloniarrak hil zituztela 70 urte bete zirela-eta, zihoan ekitaldi batera.
Wawel gazteluan
Basilikaren inguruan 40.000 pertsona inguru bildu ziren pantailetan hileta-elizkizuna jarraitzeko.
Jendetzaren txalo artean, bi zerraldoak Krakoviako kaleetan zehar eraman zituzten (Poloniako banderek inguratuta) Wawel gazteluko kriptara. Poloniako errege-erreginen eta heroien artean hobiratu dituzte.