Mundua -
Errauts hodeia
Kronika Londresetik: Joan bai, baina etorri?
Gordon Brownek Armadako hiru itsasontzi bidali ditu gaur, atzerrian etxera itzuli ezinik dauden herritarrak etxeratzeko. Europan Zibilak erreskatatzeko azken hamarkadetako operazio handiena da hau.
Sarai Campo
Inork gutxik imajina zezakeen sumendi batek honenbesteko kaosa sor zezakeenik, argi dago, baina, sumendi baten indarrak kontinente osoa hankaz gora jar dezakeela.
Milaka lagunek ezin izan dute etxeratzeko hegazkina hartu, autobusak eta trenak jendez gainezka daude, arazoa, beraz, egunetik egunera potolotuz doa. Horren aurrean, Erresuma Batuko lehen ministroak neurriak hartzea erabaki du.
Gauzak horrela, Gordon Brownek Armadako hiru itsasontzi bidali ditu gaur, atzerrian etxera itzuli ezinik dauden herritarrak etxeratzeko. Europan Zibilak erreskatatzeko azken hamarkadetan izan den operazio handiena izango da hau.
Lehen ministroak berak jakitera eman duenez, Armadako Ark Royal ontzia eta HMS Ocean gudarako ontzi nagusia britainiarrak etxeratzeko erabiliko dituzte.
HMS Albion ontzia, berriz, Afganistanetik zetozen 200 soldadu EBra ekartzeko erabili behar zuten hasiera batean, baina egoerak hobera egiten ez duela kontuan izanda, litekeena da soldaduez gain, bidaiariak ere ontzi berean etxeratzea.
Horrez gain, Brownek adierazi du Madril izango dela bidaiari britainiar gehienentzako “abiapuntu”, izan ere, Asia, Afrika eta AEBetatik Erresuma Batura zuzenean heldu beharrean, bertara iritsiko dira.
Hala, Gobernuak autobusak eta trenak jarriko ditu eskuragai bidaiari guzti horientzako. Erabakia gaur goizean hartu dute Larrialdietarako Batzordeak Downing Street-en (lehen ministroaren bulego eta etxebizitza ofiziala) egin duen batzarrean.
Hona hemen sumendiak Erresuma Batuan izan dituen ondorioak zenbakitan:
- 150.000 britainiar euren etxeetara ezin itzulirik daude. - Londoneko ehunka eskoletan irakasle eta ikasleak falta dira atzerrian harrapatuta baitaude.
- Gaurko aurreikusita zeuden 28.000 hegaldietatik 9.000 baino gutxiago irtengo dira.
- Londonen dagoeneko, diru-galerak 50 milioi libratik gorakoak dira. British Arways konpainiak bakarrik, egunean 15 eta 20 milioi libratik gorako galerak izan ditu.
Bost egun hegaldirik gabe eta bost egun kaosa jaun eta jabe. Errepideetako kartelek airportu guztiak itxita daudela gogorarazten digute, bidai-agentzietan jende-ilara amaigabeak eta autobus eta tren-geltokiak jendez lepo… Dagoeneko gutxi batzuk hasi gara sumendiaren errautsak beste nonbaitera bidaltzeko putz egitearen ideia aztertzen… Neronek 10 egun dauzkat oraindik…