Mundua -

Iruzkina

Argentinak iraganeko kontuak kitatzen jarraitzen du

Gizateriaren kontrako delituek ez dute inoiz preskribatzen, ezta, herrialde hegoamerikarrean gertatu zen moduan, amnistia legeen pean babestuta egonda ere.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentina hor ari da oraindik bere iraganeko kontuak kitatzen. Diktadura militarra amaitu eta ia 30 urteren buruan, arduradunetako bati, Reynaldo Bignoneri, 83 urteko jeneral ohiari, 25 urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizateriaren kontrako delituengatik.

Horrelako delituek ez dute inoiz preskribatzen; ezta, Argentinan gertatu zen bezala, amnistia legeen pean babestuta egonda ere. Hain zuzen ere, Bignone izan zen boterea utzi baino lehen Bakerako Nazionalerako Legea sinatu zuena. Helburua zera zen: zigorrik gabe uztea militarrak gobernatu zuten zazpi urteetan egindako basakeriengatik.

Argentinako militarrek alde egin behar izan zuten Malvinetako Gerra galdu zutelako Britainia Handiaren kontra. Leopoldo Galtieri jeneralak antolatu zuen gerra hura, Argentina barnean gertatzen zena ezkutatzen saiatzeko, baina hark dimititu behar izan zuen eta militarrek hain zuzen ere Bignoneri eman zioten diktaduraren amaiera prestatzeko lana.

Hauteskundeak egin ziren eta 1983ko abenduan Bignonek presidentetza Raul Aldfonsini eman zion. Presidente berriak lortu zuen salatuen aulkian esertzea Batzorde Militarreko buruzagiak, baina Bignone ez zuten orduan epaitu eta, nolanahi ere, buruzagi militar haiek denbora gutxi eman zuten kartzelan, amnistia legeek salbatu baitzituzten, Carlos Menemen garaian onartu zirenek.

Bazirudien inork ez zituela ordainduko diktadura garaiko krimenak, baina 90eko hamarkadako azken urteetan, gizateriaren kontrako delituen bidea zabaldu zen, haurren bahiketak tarteko.

Bignone auzitara eraman eta zigortu egin zuten 1999an. Orain Campo de Mayon, militarrek tortura-zentro bihurtu zuten kuartel batean, gertatu zenagatikoa gehitu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea