Mundua -
Iseka egin zioten Mahomari
Mehatxu egin diete South Parken sortzaileei webgune islamiar batean
Webgunearen arduradunek esan dute telesailaren sortzaileek "Theo Van Goghen moduan amaituko dutela". Zinema zuzendari holandarra hil egin zuten musulmanei buruzko pelikula bat egiteagatik.
Erredakzioa
Revolutionmuslim.com webgunearen sortzaileek South Park telesail estatubatuarraren kontra jo dute, azken atalean Mahoma agertu delako, AEBetako prentsan gaur zabaldu dutenez.
Mahoma, islamiarren profeta, "Huzzah!" izeneko atalean agertu zen eta iragan astean eman zuten AEBetako telebistan. Musulmanentzat Mahomaren irudia erabiltzea iraingarria denez, hartz baten jantzia jarri zioten arazoak saihesteko, baina badirudi ez zutela lortu.
Izan ere, Revolutionmuslim.com-en kritika gogorrak egin zizkieten Trey Parker eta Matt Stone telesailaren sortzaileei, "lelokeria" bat egin zutelako eta ohartarazi die "Theo Van Goghen moduan amaituko dutela".
Van Gogh Holandako zinema zuzendari bat zen eta 2004an hil egin zuten, musulmanek emakumeei ematen dieten tratamenduari buruz egin zuen filme baten harira.
"Hau ez da mehatxu bat, gertatuko zaienari buruzko oharra baizik", diote webgunean.