Mundua -
Ikerketa
Loditasunak soldadurik gabe utz dezake AEBetako Armada
Armadan sartzeko gehienezko pisua gainditzen dute bederatzi milioi gaztek. Gainpisuak estatubatuarren % 60ari eragiten dio.
Erredakzioa
"Lodiegiak Armadan borroka egiteko". Hala laburbildu dute erretiratutako militar batzuek loditasunari buruz argitaratu den azken ikerketa, izan ere, datu horien arabera AEBetako Armadak soldaduak galdu ditzake, "lodiegiak direlako".
Bederatzi milioi gaztek - 17 eta 24 urte arteko gazteen % 27k- AEBetako Armadan sartzeko gehienezko pisua gainditzen dute, ''Mission: Readiness'' izeneko ikerketaren arabera. Joera horren arabera, 2030. urtean AEBetako segurtasuna gazteen loditasunaren "menpe" egongo da, James Barnett almirante erretiratuak Kongresuan nabarmendu zuenez. Gauzak horrela, loditasuna "batailarako fronte" bilakatu da AEBetako Armadarentzat, izan ere, egun soldadu izatea galarazteko arrazoi nagusia gehiegizko pisua da. Gainera, Gobernu estatubatuarrak hamarnaka milioi dolar xahutzen ditu loditasunari lotutako gaitzen ondorioz base militarretatik joaten diren soldaduak ordezkatu ahal izateko. AEBetako Armadan sartzeko gehienezko pisua 109,3 kilogramotan dago; emakumezkoetan, muga hori 117,4 kilogramokoa da. Loditasunak estatubatuarren % 60ari eragiten dio, Osasun Departamentuaren datuen arabera. Horrenbestez, azken bi hamarkadetan afera honek eztabaida nazional izaera hartu du.