Mundua -
Krisia
Belgika Gobernurik gabe gelditu da
Flandeseko alderdi liberalak Gobernu Federaleko koalizioa utziko duela adierazi du eta, ondorioz, Yves Leterme lehen ministroak dimisioa aurkeztu du.
Erredakzioa
Gaur goizean Open VLD alderdi flandestar liberalak Belgikako Gobernua osatzen duen koalizioa utziko zuela adierazi duenean sortu da krisia. Ondorioz, Yves Leterme lehen ministroak dimisioa Erregeari aurkeztuko diola adierazi du gaur eguerdian.
Krisiaren arrazoia BHV (Bruselas-Halle-Vilvoorde) bezala ezagutzen den hiriburuaren inguruko hauteskunde-barrutia eta judiziala dira.
Flandestarrek Halle eta Vilvoorde herriek bizi duten salbuespenekin bukatzea eskatzen dute, izan ere, bi herriak Flandesen kokatuak dauden arren, bertan bizi den gehiengoa frankofonoa da.
Open VLDk alde egiteak krisi politiko larria eragin du berriz ere Belgikan. Herrialdeak 2007ko ekaineko hauteskundeetatik etengabeko ezegonkortasun bizi du.
Krisia finantzetan, ekonomian eta gizartean
Belgikak oraindik ez du finantzetan, ekonomian eta gizartean bizi duen krisia gainditu eta, uztailetik aurrera, Europako Batasunaren lehendakaritza hartu beharko du.
BPGaren % 100aren inguruko zor publikoarekin, Mark Eyskens lehen ministro ohiak RTBF irratian adierazi du krisi politiko berri batek inbertsoreen mesfidantza eragin dezakeela eta, ondorioz, Belgika, Greziaren atzetik, merkatuen bigarren biktima bilakatu daitekeela.