Mundua -

PDLren kongresua

Berlusconik eta Finik eztabaida gogorra izan dute

Berlusconiren eta Finiren arteko haustura gertu dagoela argi uzten du publikoki izandako istiluak. Fini zentro-ezkerreko jarrera hartzen ari da aspalditik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak eta Gianfranco Fini Behe Ganberako presidenteak eztabaida gogorra izan dute Askatasunaren Herria (PDL) alderdiko zuzendaritza nazionalaren Kongresuan. Alderdi hori duela urtebete sortu zuten bi agintariek.

Finiren hitzaldi luze eta lasaiaren ostean, Berlusconik gogor eraso egin dio: "PDL sortzeaz damutu zarela esan zenidan Giani Lettaren (presidentetzako idazkariordea) aurrean, eta talde parlamentario autonomo bat sortu nahi zenuela", aurpegiratu dio. PDLren barnean oposizio mugimendu txikia sortu du Finik.

Esaldi horrek Finiren protesta eragin du, baina lehen ministroak jarraitu egin du: "Politika egin nahi baduzu dimititu, besoak zabalik hartuko zaitugu". "Zer egiten ari zara, bota nahi didazu?", erantzun dio Diputatuen Ganberako presidenteak.

Behin betiko haustura

Berlusconiren eta Finiren arteko haustura gertu dagoela argi uzten du publikoki izandako istiluak. Fini zentro-ezkerreko jarrera hartzen ari da aspalditik, lehen ministroaren eta Liga Norte alderdi federalistaren (Berlusconiren aliatua) iritziekin bat ez datorrelako.

Duela bi egun Fini 50 bat alderdikiderekin bildu zen eta manifestu bat sinatu zuten, berari babesa emanez.

Behe Ganberako presidenteak proposatutako agiria sinatu zuten 50 parlamentarik, 36 diputatuk eta 14 senatarik, euren babesa baieztatuz. Testu horrek PDLn diren desadostasunak areagotu ditu.

Bestalde, Aliantza Nazionaleko (AN) 74 parlamentariren babesa lortu zuen Berlusconik, besteak beste, Ignazio La Russa Defentsa ministroak, Mauricio Gasparri PDLko bozeramaileak eta Gianni Alemanno Erromako alkateak babesa eman zioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea