Mundua -
Metanolarekin
80 lagun hil dira aizundutako alkohola edan ostean, Ugandan
Heriotzak duela hiru aste hasi ziren. Waragia, bananetatik ateratako gina, metanolarekin nahasi dute bertako ekoizleek.
Erredakzioa
Gutxienez 80 lagun hil dira Ugandako hego-mendebaldean, azken asteetan, metanolarekin aizundutako alkohola edan ostean, ostiralean osasun arduradun batek jakitera eman duenez.
Afrikako ekialdean den Estatu horretan ohikoa da biztanleriak etxean egindako alkohol edari merkeak kontsumitzea, eta sarritan produktu kimikoekin aizundu egiten dituzte eragina areagotzeko. Horrek batzutan heriotza eragin dezake.
Patrick Tusiime Kabale (Ruandako mugatik gertu) barrutiko osasun arduradunaren esanetan, heriotzak duela hiru aste hasi ziren, baina zergatia argitzeko denbora behar izan zuten agintariek, biktimak metanolarekin aizundutako alkohola edan ostean gaixotu zirenik ez zutelako esan senideek.
Antza denez, waragi bananetatik ateratako ginaren kantitate handiak metanolarekin nahasi dituzte bertako ekoizleek, Tusiimeren hitzetan. Arduradunaren ahotan, biktimak itsu geratu dira eta gibel zein giltzurrunetan arazoak izan dituzte hil baino lehen.
Waragiaren produkzioa eta salmenta debekatu dituzte agintariek, eta biltegietan gordetakoa konfiskatu dute, baina bizilagunak debekuari aurre egiten ari dira eta likorea ohe azpian ezkutatzera heldu dira, Tusiimek azaldu duenez.