Mundua -

KRIMEN EKONOMIKOA

Norvegiak delitu fiskalak aitortzeko linea telefoniko bat zabaldu du

Oekokrim krimen ekonomikoaren aurkako agentziak azaldu duenez, delituei buruzko informazioa euren borondatez eskaintzen dutenek Poliziak atxilotzen dituztenak baino zigor arinagoa izango dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Norvegiako Polizia kriminaleko unitateak delitu fiskalak aitortu nahi dituztenentzako telefono zenbaki bat zabaldu du. Agenteek arinago jokatuko dute zenbaki hau erabiltzen dutenekin.

Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak (ICIJ) ‘Panamako Paperak’ osatzen dituzten 11,5 milioi dokumentuetako asko eta asko argitaratu ditu jada, nahi duenak horiek kontsultatzeko aukera izan dezan. Datuak plazaratu eta hurrengo egunera, Norvegiak linea telefonikoaren ekimena martxan jartzea erabaki du.

Oekokrim krimen ekonomikoaren aurkako agentziak komunikatu batean azaldu duenez, delitu fiskalei buruzko informazioa euren borondatez ematen dutenei, Poliziak atzematen dituztenei ez bezala, zigorraren heren bat kenduko diete, gutxienez. Epaileek, zerga-iruzur larritzat joz gero, isunak ordainarazi beharrean, sei urteko kartzela-zigorrak ezar ditzakete.

‘Panamako Paperak’ deitutakoen 11,5 milioi dokumentu baino gehiago filtratu izanak jomugan jarri ditu zergak ez ordaintzeko "paradisu fiskaletan" sortu ohi diren offshore konpainiak. Era berean, auzi horretan izan litezkeen iruzurrak eta ihes egiteak ikusita, ikerketak hasi dituzte hainbat herrialdetan.

Ihes-egite fiskala Herbehereetan

Funtzionario batek astearte honetan emandako azalpenen arabera, Herbehereetako Ogasuna ustezko delitugileak ikertzen hasi dira, 'Panamako Paperetan' herrialde horretako 250 offshore enpresa agertu eta gero. Ikerketen emaitzak Herbehereetako Parlamentuan aurkeztuko dituzte, publiko egingo duten txosten batean.

Adriaan Ros Ogasuneko bozeramailearen esanetan, "datu analistak, egitura fiskalak aztertzen dituen unitate bereziarekin batera, Herbehereetako enpresen eta Mossack Fonseca Panamako konpainiaren arteko harremana ikertzen ari dira". "Informazio guztia bahetzeko prozesuak hilabete batzuk iraungo du", eta "iruzurra badago, zigorrak izango dira", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Herbehereak albisteak Eguneko albisteak Panama Norvergia albisteak