Mundua -
Erresuma Batua
Poliziak 'kontrolpeko leherketa' bat egin du Old Trafford zelaian
Igande honetan Manchester United eta Bournemouth futbol taldeen artean jokatu behar zen partida bertan behera geratu da, Poliziak estadioa hustea agindu ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuko Poliziaren artezilari talde batek "kontrolpeko leherketa" bat egin dute Manchester United taldearen Old Trafford futbol-zelaian, publikoa zelaitik aterarazi ostean, pakete susmagarri bat aurkitu baitute.
Gerora Poliziak berak jakitera eman duenez, Old Trafford futbol-zelaian topatu duten "pakete susmagarriak lehergailu baten izugarrizko antza zeukan"; alabaina, zeukan mekanismoa "ez zen bideragarria".
The Guardian egunkariak aipatzen duen iturri baten arabera, estadio segurtasun berak aurkitu du gailu susmagarria zale baten abisua jaso ostean. Paketea, ustez, telefono mugikor batez, bertara itsatsita zegoen hodi batez eta hainbat kablez zegoen osatuta.
Ordu batzuk geroago Poliziak argitu du susmoak piztu dituen objektua "ezin itxura errealistagoa zeukan lehergailu" faltsu bat zela, "segurtasun konpainia pribatu batek entrenamendu-ariketa batzuen ostean ustekabean ahaztuta utzitakoa".
Partida, bertan behera
Milaka zale zeuden zelai barruan Manchester United eta Bournemouth futbol taldeen artean igande honetan jokatzekoa zen Premier League txapelketako partida ikusteko; alabaina, 14:40ean "kode gorriko operazio" alerta bota dute bozgorailuetatik. Horren aurrean zelaia hustu behar izan dute. BBCk dioenaren arabera, hustuketa modu ordenatuan egin da, eta une horretan beroketak egiten zeuden jokalariak ere berdegunea utzi dute.
"Estadioaren ipar-mendebaldean pakete susmagarri bat aurkitu ostean, partida bertan behera geratu da Polizaren gomendioz", jakinarazi du klubak bere webgunean zein Twitter sare sozialean jarritako ohar baten bidez.
"Old Trafforden daudenek beren eserlekuetan geratu behar dute, dagoeneko zelaitik atera diren zaleak estadioko sarbidea husten duten bitartean", gaineratu du.
Partida 15:00etan zen hastekoa (14:00 GMT), baina atzeratu egin da Unitedeko ordezkari batek arbitroari estadioko lekuren batean zerbait gertatzen ari zela abisatu dionean.
14:40ean (tokiko ordua) estadioko segurtasuneko kideei "kode gorria operazioa" abian jar zezatela agindu diete; horrenbestez, estadioko ipar- eta mendebaldeko harmailetan zeuden 20.000 zaleak ateratzeari ekin diote. .
Arbitroak 45 minutuz atzeratu du partidaren hasiera, 15:45era arte; alabaina, 15:13an norgehiagoka behin betiko bertan behera uztea erabaki dute.
Atentatu-mehatxua, hirugarren mailan
Old Traffordeko hustuketa Erresuma Batuko Gobernuak Ipar Irlandako taldeek egindako atentatuen arrisku egoera hirugarren mailara ("neurrizkotik" "handira") igo eta handik egun gutxira gertatu da.
Bosteko eskalatik hirugarren mehatxu-mailak esan nahi du Erresuma Batuan atentatu bat izateko arrisku handia dagoela, adierazi zuen asteazkenean Theresa May Barne-ministroak.
Erresuma Batuko hedabideen arabera, lehen aldia da Ingalaterrako ligako partida bat segurtasun arrazoiengatik bertan behera geratzen dena.