Mundua -
Iruzkina
Grezia: hamar egun eternitatea da
Politika lokalak oztopatzen du Greziari laguntzeko bidea: maiatzaren 9an, Renanian, Alemaniako land populatuenean, egingo diren hauteskundeak.
Jesus Torquemada
Une honetan, Greziaren krisia eta euroarena ez dira dagoeneko krisialdi ekonomikoa: krisialdi politikoa dira.
Euroa sortzea, bere garaian, erabaki politikoa izan zen erabaki ekonomikoa bezainbeste. Teoria ekonomikoaren ikuspuntutik, hainbat herrialde moneta bakarra izateak abantaila nabarmenak zeuzkan, baina arazo batzuk ere sor zitzakeen, orain ikusten den legez. Hala eta guztiz ere, buruzagi europarrek euroa sortzea erabaki zuten batasun monetarioaren bila, eta baita kohesio politiko handiagoa lortu nahirik.
Bada, une honetan, Europako politikarien seinale garbi-garbia beharko da euroa salbatzeko. Eta seinale hori, soil-soilik izan liteke berehalakoan onartzea Greziak eskatutako laguntza, eta aldi berean merkatuei adieraztea Europak duen guztia emango duela euroa babesteko.
Baina, hain zuzen ere, politika lokalak oztopatzen du bidea: maiatzaren 9an, Renanian, Alemaniako land populatuenean, egingo diren hauteskundeak. Alemaniar askok uste du haiei egokituko zaiela Greziaren erreskatea ordaintzea, eta greziarrek ez dutela horrelakorik merezi, dirua xahutu dutelako.
Beraz, Merkel kantzilerrak eutsi egiten dio, ez du Greziaren laguntza berretsi nahi botorik ez galtzeko. Kasurik onenean, Bundestagek laguntza hori bozka lezake maiatzaren 6an edo zazpian. Egun horietan, edo 10ean beranduena, egin dezakete bilera Euroguneko buruzagiek laguntza-txekeak sinatzeko.
Hau da, hamar egun gogor geratzen dira, denbora gehiegi espekulatzaileek baliatuko dutena Greziako ekonomia hondoratzeko eta bide batez, Europako beste herrialde batzuetakoa.