Mundua -

Estatu Islamikoa

Munduko potentziak Libiari armak emateko prest, ISISi aurre egiteko

Nazio Batuen Erakundeak ezarritako armamentuaren enbargoaren salbuespena izango litzateke.

Seraj eta Jerry, Vienan. Argazkia: Efe
Seraj eta Jerry, Vienan.
Seraj eta Jerry, Vienan. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko potentzia nagusiak, AEB buru dutela, Libiako batasun Gobernu berriak armak erosteko egin duen eskaera aztertzeko prest agertu dira, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako armamentuaren enbargoaren salbuespena egiteko, alegia.

Vienan 24 herrialdetako ordezkariek egindako bileraren ondorio da adierazpen hori. Fayaz Seraj Libiako lehen ministroa ere bertan izan da, eta beharko duten armamentuaren zerrenda "lehenbailehen" aurkeztuko duela iragarri du.

"Erronka handia dugu aurrean Estatu Islamikoaren kontrako borrokan. Gure tropak trebatzeko eta hornitzeko laguntza jasotzea espero dugu", adierazi du Serajek Vienan emandako prentsaurreko batean.

John Kerry AEBko Estatu idazkaria ere Vienan izan da, eta orain eskaera formala dutela aitortu duen arren, NBE errespetatu eta prozesua bete behar dela azpimarratu du. "Oreka zaila da, baina guztiok uste dugu zilegitasuna duen gobernu batek ezin duela NBEren ekintzen biktima edo gatibu izan terrorismoaren aurka borroka egiten duenean", azaldu du.

"Libiako Gobernuaren eskaerari erantzuteko prest gaude", adierazi du Paolo Gentiloni Italiako Atzerri ministroak, Vienako bileraren presidenteordeak. Espainiatik Ignacio Ybañez Atzerri Gaietarako Estatu idazkaria bertaratu da.

Siriako Gobernuak armak eros ditzake NBEren Segurtasun Kontseiluaren batzorde baten oniritzia jasoz gero, 2011an ezarritako enbargoa dela eta. Iazko martxoan Segurtasun Kontseiluak atzeratu egin zuen Libiako Gobernuak armak erosteko egin zuen eskaera, milizien esku geratzeko arriskua zegoelakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak NBE albisteak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa albisteak Albisteak Libia gaur