Mundua -
Erresuma Batua
Brown boto-emaile bat iraintzen 'harrapatu' du mikrofono batek
Emakume batek galdera bat egin zion lehen ministro britainiarrari, eta hark, auto barruan zegoela, iraindu egin zuen, inor entzuten ez zegoela uste baitzuen. Baina mikrofono bat zeraman, piztuta.
Erredakzioa
Gordon Brown lehen ministro britainiarrari Gillian Duffy izeneko arazo bat sortu zaio. Hauteskunde kanpainako ekitaldi batean, hautagai laboristari ez zitzaion gustatu 65 urteko emakumezko baten galdera, eta ostean, inor entzutzen ez zegoela uste zuenean, iraindu egin zuen.
Gertatutakoa eguneko albistea da gaur Erresuma Batuan. Azkenean, lehen ministroak barkamena eskatu behar izan dio emakumezkoari.
Dena atzo goizean gertatu zen, Rochdale herrian (Ingalaterrako iparraldea) egindako hauteskunde ekitaldi batean. Une batean, Gillian Duffy izeneko boto-emaile laborista bat hurbildu zitzaion, eta galdera bat egin zion.
Ondoren, Brown bere autoan sartu zen, baina ez zen ohartu oraindik Sky News telebistaren mikrofonoa zeramala, eta gainera piztuta zegoela. Behin barruan, emakumearekin izandako elkarrizketatxoa ez duela gustuko izan esan zion bere laguntzaileari.
"Hondamendia izan da, norena izan zen idea? Zentzugabea da", esan zion Brownek. Laguntzaileak haren haserrearen kausaz galdetu zionean, hark zera erantzun zuen: "Emakumezko hori laborista zela dioen intolerante horietakoa da".
BBC Radio 2 irrati katean elkarrizketa egin zioten lehen ministroari, eta esandakoaren audioa jarri zioten. Beraz, Brownek barkamena eskatu behar izan zuen.
Ostean telefonoz hitz egin zuen emakumezkoarekin, eta haren etxera joan zen, aurrez aurre berriz barkamena eskatzeko.
Etxebizitzatik ateratzean, buruzagi laboristak adierazi zuen "bekatari damutua" dela.
Bere aldetik, emakumezkoa haserre agertu zen harekin: "Iraindua sentitzen naiz. Brown hezibide onekoa da, zergatik esan ditu hitz horiek?", galdetu zuen.
"Herrialdea zuzentzen du, eta intolerantea deitu dit, galdera bat egin dion emakume arrunta banaiz ere", gaineratu zuen.
Rochdale herriko ekitaldian, Brown boto-emaileei hurbildu nahi zitzaien, baina apustuak kale egin dio.
Gaur bertan, telebistaz eskainiko duten hirugarren hauteskunde eztabaida egingo dute Erresuma Batuan.