Mundua -
Mexikoko Golkoan
Petrolio isuria "hondamendi nazional" izendatu dute AEBek
Isuria apirilaren 20an hasi zen plataforma batek eztanda egin ostean. AEBetako historiako hondamendi naturalik handiena bihur liteke. Baliabide gehiago erabiltzea agindu du Obamak.
Erredakzioa
Mexikoko Golkoan, Louisianako kostaldearen parean, izan den isurketa hondamendi "nazionala" dela esan du gaur AEBetako Gobernuak. Marea beltza bihar ostirala hel daiteke Louisianako kostaldera.
Janet Napolitano Segurtasun Nazionaleko idazkariak agerraldia egin du gaur Etxe Zurian, Gobernuak hondamendiari aurre egiteko hartu dituen neurriak azaltzeko. Kutsadura apirilaren 20an hasi zen petrolio-plataforma batek eztanda egin ostean. AEBetako historiako hondamendi naturalik handiena bihur daiteke.
Bestalde, isurketari aurre egiteko baliabide gehiago martxan jartzeko agindua eman du Barack Obama AEBetako presidenteak, Robert Gibbs Etxe Zuriko bozeramaileak jakitera eman duenez.
Isurketaren kontrola
Dagoeneko kutsadura kontrolatzeko lanetan parte hartzen ari da AEBetako Armada.
British Petroleum (BP) konpainiak "garbiketa kostuen erantzukizuna" duela errepikatu du Napolitanok, izan ere, lehertu eta urperatu zen petrolio-plataformaren jabea zen.
Hondamendi ekologikoa geldiarazteko eskura dituen baliabide guztiak jarri ditu Britainia Handiko multinazionalak, kostazainek prentsaurrekoan azaldu dutenez.