Mundua -
Marea beltza
Salbuespen egoera ezarri du Floridak
Petrolio putzu baten leherketak eragindako isuria Lousianara iritsi da jada eta larunbatean, New Orleansetik 80 kilometrora kokatu liteke. 500.000 dike zabaldu dituzte kostan zehar.
Erredakzioa
Floridako gobernadoreak salbuespen egoera ezarri du Mexikoko Golkoan isuritako petrolioaren lehen olatuek Mississippi (Lousiana) ibaiko deltaren kanpoaldeko irlatxoak zipristintzen hasi eta gero, tokiko hedabideek argitaratu dutenez.
Orban beltza, halaber, Texaseko, Misuriko eta Floridako estatuetara zabaldu daiteke.
Horregatik, AEBetako Gobernuak indar guztiak batu ditu Mexikoko golkoan lehertu zen petrolio putzuak eragin dezakeen hondamendi naturala saihesteko eta 500.000 dike puzgarritik gora zabaldu dituzte Mississipiko, Alabamako eta Panhandleko (Florida) kostan zehar.
AEBetako Meteorologia Agentziak iragarri duenez, 32 kilometro orduko hego-ekialdeko haizea larunbatera arte joko duenez, baliteke marea beltza bihar Breton eta Chandeleur badietara iristea, New Orleansetik 80 kilometrora, alegia.
Bobby Jindal Lousianako gobernadoreak, oraindik 2005eko Katrina urakanak eragindako kalteak konpondu ez dituen estatuko agintariak, jakinarazi du marea beltza "estatuaren baliabide naturalaren mehatxua" dela eta datozen orduetan Pass-a-Loutre natura-erreserbara irits litekeela, Mississippiren deltan.
Larrialdi egoera
Gainera, Jindalek larrialdi egoera ezarri du eta Defentsa Departamenduari dirua eskatu dio kostako garbiketarako 6.000 soldadu bidaltzeko.
Iragan astean sortu zen orban beltza, BP Britainia Handiko enpresak duen eta Deepwater Horizonek kudeatzen duen petrolio ustiategi bateko dorrea lehertu zenean. Putzuak isuri bat du eta egunero 5.000 petrolio upel adina galtzen ditu bertatik, hasiera batean espero zutena halako bost, eta horrek itsasoko animaliak arrisku larrian jarriko ditu, baita Lousiana, Mississippi, Alabama eta Floridako hondartzak ere.
Barack Obama AEBetako presidenteak atzo adierazi zuenez, Gobernuak "dituen baliabide guztiak bideratuko ditu" (Armada tarteko) putzuaren isuria gelditzeko, baina petrolioa garbitzearen eta ordaintzearen ardura BPrena dela zehaztu zuen.
Itsas azpiko robotek isuria gelditzea lortu ez dutenez, BPk eta kostazainek "kontrolatutako sute bat" piztea erabaki zuten petrolio orbana txikitzeko.